Kirol Martiket Atarrabiako kirol instalazioen hitzarmenak erosteko ahalmena hobetzen du eta lanaldia 60 ordutan murrizten du
Gaur, Udal Instalazio Publikoak kudeatzen dituen enpresa publiko honetako hitzarmena sinatu du ELA sindikatuak, Atarrabiako Udaletxearekin batera. Gaur egun, kirol Martiketeko errepresentazio sindikalaren %100-a dauka.
Akordio honen ondorioz, bertako lan-baldintzen hobekuntza nabaria emango da. Alde batetik, soldaten igoera orokorra egongo da, KPI-tik gorakoa. Bestalde, beste aintzinatasun-tarte bat zehazten da, enpresan 12 urte betetzean. Jardunaldiari dagokionez, indarraldian dagoen 3 urtetan 60 orduko murrizketa emango da. Horrela, sindikatuak etengabe aldarrikatu duen astean 35 lan-orduko jardunaldira hurbiltzen gara, langileek urtean 9 lanegun gutxiago izango dituztelarik.
ELA-k oso modu positiboan baloratzen du sinatutako hitzarmena, langile hauen lan-baldintzak langile publikoen baldintzetara gero eta gehiago hurbiltzen direlarik.
Modu berean, kirol kudeaketako instalazioen arloan, kudeaketa publikoaren defentsarako bidean urratsak ematen jarraituko dugu, hauetako lan-baldintzak hobetuz. Beste Udaletxeek haien instalazioetan mantentzen duten eredu pribatizatzailearen aurrean, guk zerbitzu publikoen aldeko borrokan jarraituko dugu. Administrazioek eskaintza ekonomiko onenera zerbitzuak esleitzen dizkieten bitartean, bai zerbitzu, bai lan-baldintzak okertzen jarraituko dituzte.