Gero eta lantegi gehiagotan sinatzen ari dira Rajoyren erreformari enpresan sartzea eragozten dioten hitzarmenak
Langileen eskubideak hobeto bermatu dira joan den asteko ostirala eta lehen greba eguna bitartean itxitako akordioei esker. Komiteko enpresetan zein ETEetan: Microdeco, Fabio Murga, Montajes Portugalete, Galvanizados Izurza, Meyusa, Jean y Chaumont eta Industrias Betiko enpresetan lan-baldintzak blindatuta daude honez gero.
Uztailaren 7ari begira, ELAk arreta berezia jartzen du enpresa txikietan. Ez dugu ulertzen gainerako sindikatuak nolatan gera daitezkeen lasai jakinda beren ezintasun organizatiboak enpresa txikietako langileei alternatibak eskaintzea galarazten diela.
Erreformaren ondorioz lan-merkatu berri baterantz goaz, eta hor bi enpresa mota izango dira: Batzutan enpresarioek erreforma laboralari esker baldintzak nahierara aldatu ahal izango dituzte, eta besteetan erreforma ez da sartuko, beraren aurka babesteko hitzarmenak sinatu direlako. Bakarrik egiten ari den lanari esker, ELAk lortu du Rajoyren erreformatik salbu geratzen diren enpresak gero eta gehiago izatea. Gainera, borroka hau da modurik hoberena mahai sektorialetan patronalaren posizioak mugiarazteko.
ELAk duela hainbat hilabetetik hona heldu zion lanari; langileak antolatzeko ahaleginean dihardu. Hitzarmen sektoriala izan ala ez, uztailaren 7a baino lehenago eta ondoren bidea borroka antolatua da. Une historiko honetan beste sindikatuak patronalaren ondoan egotea, enpresa-hitzarmenak negoziatzeko oztopoak jartzen, benetako zoritxarra da langileentzat. Uztailaren 7tik aurrera ikusten dutenek baldintzak aldatu dizkietela ondorioak atera beharko dituzte estrategia sindikalei buruz, batik bat langileak antolatzeko bidea hautatu ez dutenei dagokienez.