Zaharren egoitzetako lan hitzarmenaren aldeko hiru egunetako grebak erabateko jarraipena izan du

2013/03/01
Zaharren egoitzetako lan hitzarmenaren aldeko hiru egunetako grebak erabateko jarraipena izan du
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek hiru egunetan greba egin dute ELA eta LAB sindikatuek deituta . Adegiren jokaera "onartezina" dela nabarmendu dute. Grebak 65 zahar-etxe eta 55 eguneko zentroetako ia 5.000 langilengan izango du eragina.

ELAk eta LABek deituta hiru eguneko greba deitu dute aste honetan Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Gaurkoan ere grebaren jarraipena %95koa  izan da.

Zahar etxeetako langileei Espainiako lan erreforma aplikatu nahi diete, eta horrek uztailetik aurrera hileko soldatan 400 euroko jaitsiera ekarriko lieke. Gainera, urtean 200 ordu gehiagoz aritu beharko lukete lanean. Iazko urrian negoziazio mahai bat sortu zuten langileen ordezkarien eta patronalaren artean, baina hilabete hauetan ez dute akordiorik lortu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 8,2 milioi euroko eskaintza egin du datozen bi urteetarako, langileen soldatak eta baldintzak bermatzeko. ELAren arabera, Adegik uko egin dio eskaintza horri eta lan erreformaren "muturreko" aplikazioaren aldeko apustua egin du.