Dena prest ELAren XIII. Kongresurako

2013/01/21
ELAk bere XIII. Kongresua egingo du urtarrilaren 23 eta 24an Bilboko Euskalduna Jauregian. Kongresurako aukeratutako leloa 'Lankidetu' izango da, eta bere helburua langile-jendearen kolektiboaren antolatutako lanaren balioa azpimarratzea da.

Bertan sindikatua osatzen duten egitura ezberdinetatik –federazioak, eskualdeak eta Nazio Batzordea– datozen 736 delegatuk hartuko dute parte.

  • Kongresuaren edukiak: Hiru dira Kongresuaren oinarrizko edukiak:

- Ateratzen den Batzorde Eragilearen Kudeaketa Txostena bozkatzea

- Ponentzia bozkatzea (hurrengo urteetako ildo estrategikoa)

- Batzorde Eragile berriaren aukeraketa

  • Gainera, Kongresuari bederatzi Ebazpenen onarpena eskatuko zaio; ebazpen horiek abaguneko elementuak nabarmendu nahi dituzte, errealitateari oso lotuak eta Kongresuak gai horien inguruko jokabidea ezarriko ditu. Ebazpenen izenburua hauxe da:

1.-Justizia sozialaren eta burujabetzaren alde indarrak metatuko dituen prozesu sindikalaren alde

2.-Bidegabeko zorra ordaintzeari uko. Ez da bidezkoa ordaintzea, eta ez dugu ordainduko

3.-Etxebizitza duina izateko eskubidea, urratutako giza eskubidea

4.-Afektu- eta sexu-aniztasuna bermatzea ere sindikatuon zeregina da

5.-Gizatasun handiagoko espetxe-politikaren alde, bake- eta adiskidetze-prozesuaren alde

6.-Justizia izateko eskubide unibertsalaren alde

7.-Gure gizartean zentzu kritikoa bultzatuko duten komunikabide publikoen alde

8.-Erakundea egokitu, negoziazio kolektiboan eraginkor izateko

9.-Hezkuntza-sistema propioaren alde, LOMCEri ez!

  • Kontinente guztietatik –mundu zabaletik– etorriko diren erakunde askok baieztatu dute dagoeneko kongresuan izango direla. Gainera, Euskal Herri osoko erakunde sindikalen eta sozialen ordezkaritza zabala egongo da.

  • Lehenengo egunaren amaieran, ELAk Kongresua baliatuko du Valentin Bengoa militante historikoari omenaldi xume bat egiteko; Bengoak hitz batzuk eskainiko dizkie Kongresura hurbilduko diren lagunei.

  • Kongresuan aurkeztuko den Batzorde Eragile berriaren proposamenak ez du inolako aldaketarik jasotzen pertsonei dagokionez, baina bai funtzioen inguruan. Gauzak honela, Adolfo Muñoz Txiki aurkeztuko da ELAren sindikatu nagusi kargurako.

  • Berritasun gisa, Langabetuen Saila sortzea proposatzen da; helburua langabezian dauden lagunen arazoak sindikatuaren dinamikan barneratzea izango da.

  • Nazioarteko mintegia.

      • Kongresuaren bezperan, ELAK, Manu Robles Arangiz Fundazioarekin batera, Nazioarteko Mintegia antolatu du UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Bilboko Abandoibarran, arratsaldeko 15,30etan

      • Mintegiaren izenburua “Aliantza sindikal eta sozialak, harrapaketa neoliberalari aurre egiteko ezinbesteko estrategia” da. Bertan hizlari izango dira Laura Gonzalez de Txabarri eta Mikel Noval, ELAren izenean, eta beste nazioetako partaideak.

      • Honela, Adolfo Aguirre”Fito”, Argentinako CTAkoa “Rio + 20: Herrien Goi-Bilera, bat egite eta konbergentzia prozesua”z arituko da.

      • Segida emanez, Jacques Letourneau, Quebec-eko CSN sindikatuaren Presidenteak, han izandako mobilizazio dinamikaren berri emanen du “Quebec, borroka eta aliantzen agertokia. Ikasleen 2012ko borroka eta sindikatuen eginkizuna” izeneko ponentziarekin.

      • Haien ondotik, Eric Toussaint, Belgiako CADTMkoak, “Zor ilegitimoa ezabatzea: Hirugarren Mundutik Europara” gaiaz hitzegingo digu.