ELAk eskatzen ditu Candy-rentzat gardentasuna, egiazko informazioa eta erantzukizuna

2015/11/05
Zenbait hilabetetako isiltasunaren ondoren, Bergarako Candy enpresa albistearen harian dago berriro, baina modurik txarrenean, zeren egun batez eginda dagoena biharamunean ezinezkoa da. Candy-ren arazoarekin egiten den manipulazioa salatu nahi dugu ELAtik, ez baita kontuan hartzen langileen benetako egoera, ezta haien iritzia ere.

ELAk ziurtatu dezake langileek ez dakitela ofizialki ezer proiektuaren egoeraz, ez dakitela finantzaketarik dagoen edo ez, ez dakitela xehetasunik, zehaztapenik, ezta proiektu berria zein baldintzatan gauzatuko zen ere. Oraingo honetan ere hirugarren batzuek dakite gehiago, zuzeneko eraginpean daudenek baino.

Gaurko egunean ez ELAk, ez Candyko Batzordeak ez dute behar beste informaziorik, mahai gainean jarri duten proiektuaren aukerak balioetsi ahal izateko. ELAtik gardentasuna eskatzen dugu, eta erakunde guztien partehartze zuzena, beti ere helburu bakar batekin: oraindik proiektuan dagoena laster batean gauzatu ahal izatea. Gure lanpostuak proiektu horren menpean daude.

ELAk laguntzeko borondate sendoa du Bergarako Candy lantegiaren proiektua gauzatzen, eta aldi berean informazioaren erabilera okerra salatzen du; zeren horrela, konponbide bat bilatzen lagundu beharrean, proiektuaren bideragarritasuna lohitzen, zailtzen eta zalantzan jartzen da. Eskertzekoa litzateke ganora apur bat handiagoz jokatzea.