Eusko Jaurlaritzak Itzarriri ekarpenik ez egiteko hartu duen erabakia salatu du ELAk
Eusko Jaurlaritzak Itzarriri ekarpenik ez egiteko hartu duen erabakia dela-eta, ELA sindikatuak adierazi behar du neurri hori ez dela besterik eskubide-galera baino, euskal langile publikoei egingo zaien beste soldata-murrizketa bat. Eta eskatzen die euskal administrazioei ekarpenak egiten jarraitzeko, bai ITZARRIri, bai ELKARKIDETZAri.
ELA sindikatuak, txosten juridikoak ikusi ondoren, adierazten du Rajoyren Dekretua ez dela aplikagarria BGAE/EPSVetan (ITZARRI eta ELKARKIDETZA); eta beraz, euskal administrazioek beren ekarpenak egiten jarraitu beharko zutela.
Euskal erakundeei emandako hitzari eusteko eskatzen diegu, eta Madrildik datozen ezarpenei jaramonik ez egiteko. ELArentzat onartezina da Eusko Jaurlaritzak Rajoyren dekretuaz eskua sartzea eta eskumenak zapaltzea dela esatea, eta aldi berean horren aitzakiatan dagozkion ekarpenak ez egitea.
Eusko Jaurlaritzak ekarpenik ez egiteak dakarrena ez da soilik euskal langile publikoen eroste-ahalmena galtzea (%3 eta 7 bitartekoa), baita eskubide-galera ere, 2012 urtean ezintasunak, erretiroak edo heriotzak gertatuz gero; eta gainera, arrisku bizian jartzen du bi BGAE horien iraupena.
Bestalde, gainerako euskal erakundeei galdetzen diegu ekarpenak egiten jarraitzeko borondatea duten ala ez jendaurrean jakinarazteko.
Azkenik, ELAk azpimarratzen du, bidenabar, pentsioen sistema publiko eta kalitatezko baten alde dagoela.
Beste murrizketa bat gehiago gainera datorkigula ikusita, ELAk dei egiten dio gizarte osoari horrelako erabakiak errotik aldarazteko. Langileok ausardiaz eta kemenaz parte hartu behar dugu dei egindako mobilizazioetan; bereziki bihar ostegunean, hilak 26, EAEko hiru hiriburuetan, arratsaldeko 18:30etan, egingo diren manifestazioetan.