Pobrezia errealeko egoeran dauden biztanleen %30,7ak ez du gizarte-prestaziorik jasotzen
ELAk berretsi du gizarte-prestazio sistema egoki bat funtsezko oinarria dela jendartearen kohesioa bermatzeko eta tresna honen alde daudenei erne egoteko eta lehentasuna emateko eskatu die. Hala ere, gogoratu du gizarte-prestazioak ez direla nahikoak biztanleen beharrei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du pobrezia errealeko egoeran dauden biztanleen %30,7ak ez duela DSBErik ( Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen. Alabaina, azken urteetan prestazioak murriztu egin dituzte, eta 2008ko legean jasota dagoenetik oso urrun geratu dira.
Hitz gutxitan, EAJk eta PSEk aurkeztutako Lege-proposamena oso txarra da. DSBEa jasotzeko aukerak mugatzen ditu; LGSarekiko zuen lotura deuseztatzen du, eta horrek 2008ko legearekiko atzerakada handia dakar; lege bihurtzen ditu Arartekoak salatu dituen irizpide murriztaileak; araudi bidez edonolako murrizketa berriak ezartzeko atea irekitzen du, eta hatz-marka elektronikoa ezarriz areagotu egiten du langabeen eta DSBEa jasotzen dutenen estigmatizazioa. Horren guztiaren helburua, gastua murriztu eta onuradunei jazartzea.
Enpleguari dagokionez, helburua da DSBEa jasotzen dutenak derrigortzea edozein enplegu onar dezaten, gutxieneko duinak izan ala ez, bestela sistematik kanpora geratuko bailirateke.