Kutxabanken euskara atzera doa

2026/09/21
ELA Kutxabank
Kutxabankeko bezero eta langile euskaldunak kezkatuta gaude Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako finantza erakunde nagusiak euskararen inguruan hartu duen norabidearekin. Kezkarako motiboak aspaldi areagotu badira ere, argi gorri guztiak piztu ziren Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak 2025eko martxoan “atzerritik talentua erakartzeko, euskara oztopo zela” adierazi zuenean, euskararekiko eta euskaldunekiko eman diren atzerapausoen beste adibide bat.

Kutxabank BBK, KUTXA eta VITAL aurrezki kutxen batzearen ondoriozko erakundea da. Fundazio hauek, neurri ezberdinean bada ere, euskararen bultzada eta normalizazioa izan zuten ardatz aurreko hamarkadetan eta Kutxabankek oinordetza hori jaso badu ere, atzerapauso nabarmenak eman dira azken urteotan. Euskaraz lan egiteko baliabide batzuk badaude ere, egunerokoan bankua utzikeriaz aritzen da eta badira horren adibide ugari.

2024an, adibidez, komunikazio eta barne eta kanpo harremanen arduradun bezala euskara ez dakien profesional bat izendatu zuen erakundeak. Komunikatzeko orduan euskarak ez al du garrantziarik? Esanguratsua non nahi.

Hautaketa prozesuetan, euskararen garrantziak behera egin du eta horren ondorioz bezero euskaldunak euskaraz artatzeko arazoak ugaldu dira.

Lan giroan ere euskaraz aritzeko arnasgune ziren hainbat sailetan euskararen garrantzia alde batera uzteak erdara nagusitzea ekarri du. Larria iruditzen zaigu Kutxabanken jokabide hau; euskara zokoratu, baztertu eta isolatu besterik ez du egiten. Euskara balio erantsia bezala ikusi beharrean oztopo bezala ikusten denean.

Kutxabankek, euskal gizartean erreferentziazko finantza erakundea izanik, euskararen erabileran ere eredu izan beharko luke, baina puntu horretatik oso urrun gaude; eta zoritxarrez, gero eta urrunago.