GASTEIZKO HAURRESKOLAK

Kudeaketa Udalaren esku jarraitzea defendatuko du ELAk

2025/10/23
Kudeaketa Udalaren esku jarraitzea defendatuko du ELAk
Ez dago inolako negoziaziorik Udalarekin eta udaleko atal sindikalekin gai honen inguruan. Egoera argitzeko bilera deitzeko eskatu dio ELAk Udalari.

Udalak kudeatzen dituen Gasteizko bost haurreskolak Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko direla jakin du ELAk hedabideen bidez. Horiek ere iragarri dute negoziazioak zabalik daudela bai Udalaren eta Jaurlaritzaren artean, bai Udalaren eta sindikatuen artean.

Hori ez da egia, ez behintzat sindikatuei dagokionez. ELAk Udalarekin izan duen bilera bakarra batzordeak eskatuta izan da, eta bilera horretan ez zuten ezer jarri mahai gainean.

ELAk berretsi du udalak kudeatu behar dituela bost haurreskolak, eta helburu horrekin martxan jarriko direla tresna guztiak, bai mobilizazioa, bai bide juridikoa.

ELArentzat ezinbestekoa da gaur egun ematen den zerbitzua bermatzea, hobetzea eta 80 langile ingururen lan baldintzak egonkortzea eta ziurtatzea.

Sindikatuak dei egiten dio Udalari argi hitz egin dezan eta Enpresa Batzordearekin benetako bilera bat egin dezan zerbitzua eta plantillak bermatzeko.