Mitxel Lakuntza: "Confebaskek aurpegia ere ez emateak ez du justifikaziorik"
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak balorazio baikorra egin du azken greba orokorraren inguruan, eta azpimarratu du gutxieneko soldata propioaren aldarria ez dela soilik ekonomikoa, baizik eta izaera politiko argia duela. Haren hitzetan, aldarrikapen hori eztabaida publikoaren erdigunean kokatzea eta alderdi politiko zein patronalaren gaineko presioa handitzea izan dira mobilizazioaren lorpen nagusietako batzuk.
Testuinguru horretan, bihar beste negoziazio-saiakera bat egingo dute Confebask patronalarekin. Gehiengo sindikalak Lan Harremanen Kontseiluan bilera egitea eskatu dio patronalari, gutxieneko soldata propioaren inguruan eztabaidatzeko. Patronalaren erantzunaren zain daudela, Lakuntzak kritikatu du oraingoz “aurpegia ere ez ematea” eta ohartarazi du jarrera horrek ez duela inolako justifikaziorik. Nabarmendu du, halaber, neurri horrek ez lituzkeela soilik egoera zaurgarrienean dauden langileen baldintzak hobetuko, baizik eta soldaten igoera orokorra ere eragingo lukeela.
Bestalde, Madrilen ere bide instituzional bat irekita dagoela azaldu du Lakuntzak. Kongresuan Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzea beharrezkotzat jo du, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan gutxieneko soldata propioa ezartzea ahalbidetzeko. “Bilerak egin ditugu eta, momentuz, ez dugu ezezkorik jaso”, adierazi du.
Korrikaren harira, AEK-k hartutako erabakiari buruz galdetuta, Lakuntzak “logikotzat” jo du eta ELAren babesa agertu dio. Era berean, salatu du euskararen aurkako oldarraldia “oso larria” dela eta modu antolatuan gertatzen ari dela, besteak beste CCOOren eta epaileen artean. “Ezin dugu beste alde batera begiratu”, gaineratu du.
Azkenik, Tubos Reunidos enpresaren egoerari dagokionez, Lakuntzak adierazi du oraindik badagoela aukera akordio batera iristeko. Hala ere, ELAren jarrera argia dela azpimarratu du: Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uztea eta bideragarritasun plan bat martxan jartzea ezinbestekoa dela.