ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Grebara deitu dute abenduaren 10erako eta 11rako

2025/12/02
Grebara deitu dute abenduaren 10erako eta 11rako
ELAk eta LABek prentsaurrekoan salatu dute negoziazioa blokeatuta dagoela, 50 egun baino gehiagoko greba eta sei urte baino gehiagoko gatazka irekita egon ondoren. Sindikatuek azpimarratu dute enpresek eta Arabako Foru Aldundiak ez dutela borondaterik eta interesik egoera konpontzeko: " Hemen patronalak dira errudunak, baina Urtaran diputatua da azken erantzulea. Esan bezala, 2025erako aurrekontu-akordioa ez da bete, eta Arabako Foru Aldundia ez da ari bere gain hartzen zaintza-sistema hobetzeko dagokion zeregina".

Azken negoziazio mahaian ELAk eta LABek beste proposamen bat egin dute:

• Indarraldia 2025-2027
• Soldatak: 21.000 eurora iristea 2027an gerokultore kategorian
• Lanaldia: 100 ordu gutxiago 2027ra 1672 ordutara iristeko
• Urtean 15 asteburuko atsedenaldiak
• Aldi baterako ezintasunagatiko osagarria baja arruntetarako, Bizkaian egiten den bezala
• Ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezartzea
• Ekonomikoak ez diren hobekuntza gehiago.

ELAk eta LABek adierazi dute proposamena "errealista" dela eta "akordioaren bidean" kokatzen dela, eta erantzukizuna eskatu diete patronalei eta Aldundiari. Jarrera aldatzen ez badute, ordea, sindikatuek uste dute azalpenak eman beharko dizkietela sektoreko langileei eta gizarte osoari.