Negoziazioen blokeoak bereziki kaltetu ditu Gureakeko langileak
ELAk salatu du AEGA patronalak “benetako arazoak ikusteko gaitasunik ez” duela Euskal Herriko zerbitzuguneetako langileen egoeraren aurrean, urte eta erdi baino gehiago daramatzatelako hitzarmen kolektiboa negoziatzen aurrerapen nabarmenik gabe.
Arreta berezia jarri du Gureak taldeko zerbitzuguneetako langileen egoeran; horietako asko desgaitasuna duten pertsonak edo lan munduan txertatzeko zailtasun bereziak dituztenak dira. ELAren arabera, langile horietako batzuei oraindik “ikastun” kategoria profesionala aplikatzen zaie; sailkapen horrek ez ditu hilean 1.500 euroak ere iristen eta “diskriminazio eta prekaritate egoera iraunarazten du”.
ELAren ustez, AEGAk aurkeztutako azken proposamena eskasa da: 2025etik 2029ra bitarteko bosr urteko hitzarmena planteatzen du, KPIari lotutako soldata igoerak gehi %0,25 eta urtean zortzi orduko lanaldi murrizketa soilik. ELAk aldarrikatzen du hitzarmen berriak sektoreko kategoria profesional guztientzat gutxieneko soldata duina jasotzea, baita adostutako baldintzak beteko direla bermatzeko mekanismoak ere. Horrez gain, igandeetan lan egiteagatik plus espezifiko bat eta kontziliazioa errazteko lizentzia eta baimen hobekuntzak ere eskatzen ditu.
“Gatazka hau ezin da soilik soldata orokorren ikuspegitik aztertu; hemen badaude pertsona zaurgarriak bizitza duin batekin bateragarriak ez diren soldatak jasotzen jarraitzen dutenak”, azpimarratu du ELAk, zeinaren arabera patronalak “agerikoa den arazo sozial bati entzungor” egiten dio.