GREBA OROKORRA

Nafarroa 1.500 euroko Gutxieneko Soldata propioaren alde kalera atera da

2026/03/17
Nafarroa 1.500 euroko Gutxieneko Soldata propioaren alde kalera atera da
Greba Orokorrak jarraipen handia izan du Nafarroan: lanuzte masiboa izan da Sakanan, Leitzaldean eta Bidasoan, nabarmena Iruñerrian eta apalagoa Erriberan. 10.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute Iruñean deitutako manifestazioan, eta beste 600 lagunek Tuterako manifestazioan.

Greba Orokorrak, milaka eta milaka lagunen babesari esker, Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa izateko aldarria ikusgarri egitea lortu du. Pobreziaren hazkundearen aurka egiten duen proposamena da, Nafarroaren autogobernuan aurrerapausoa ematen duena, eta Estatuko gainerako langileekin solidarioa dena, autonomia erkidegoek ezin izango luketelako Estatuko gutxieneko soldataren zenbatekoa jaitsi.

Greba Orokorra deitu duten sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde) oso kritika gogorrak egin dizkiete PSNri eta Contigo Zurekini, Nafarroako Parlamentuan PP eta Voxekin batera bozkatu baitute Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa izatearen aurka. PSNren eta Contigo Zurekinen erabaki horrek patronalari baino ez dio mesede egiten, eta lan merkatuan egoerarik okerrenean dauden pertsonei kalte egiten die (migratutako pertsonei, desgaitasuna dutenei, emakumeei, gazteei…). Bi alderdi politiko horien jarrera UGT eta CCOOren planteamenduen menpekotasunetik ulertzen da, eta Estatua ulertzeko duten ikuspegi uniformizatzaile eta zentralista lehenetsi dutelako Nafarroako langileen interesen gainetik.

Nafarroako Gobernuak kontuan hartu behar du Nafarroak 1.500 euroko Gutxieneko Soldata propioa izateko aldarriak duen babes soziala. Sindikatu deitzaileak oso kritiko agertu dira María Chivite presidentearekin, Nafarroak eskumen berri bat bere gain hartzearen aurka agertu delako, kasu honetan Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena.

Mobilizazioei dagokienez, 12:30ean Iruñean hasitako manifestazioak 10.000 lagun baino gehiago bildu ditu. Ordu berean, Tuteran beste manifestazio bat egin da, eta bertan 600 lagunek parte hartu dute.

Greba Orokorrak jarraipen handia izan du Nafarroan: lanuzte masiboa izan da Sakanan, Leitzan eta Bidasoan, nabarmena Iruñerrian eta apalagoa Erriberan. Ildo horretan, sindikatu deitzaileek gizartearen erantzunaren meritua azpimarratu nahi izan dute, kontuan hartuta Greba Orokor hau enpresen eta patronalaren xantaia, mehatxu eta oztopoen gainetik egin dela, baita greba eskubidea eragozteko helburua zuten gutxieneko zerbitzu abusiboak ezarri diren arren ere.

Azkenik, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek berretsi dute Nafarroak 1.500 euroko Gutxieneko Soldata propioa izateko beharra, eta konpromisoa hartu dute aldarri hori lortu arte borrokan jarraitzeko lan merkatuan egoerarik okerrenean dauden pertsonen mesedetan.