LANBIDEARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA

Martxoak 17, greba orokorra

2026/01/29
Martxoak 17, greba orokorra
ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezar dadin galdegiteko. Gobernuek eta patronalek ateak itxi dizkiote orain arte gaia eztabaidatzeari. Greba orokor honek, hain zuzen, ate horiek zabaldu eta bide eman nahi dio gaia eztabaidatzeari.

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra iragarri dute 2026ko martxoaren 17rako. Deialdiaren leloak –Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para repartir la riqueza– jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.

ELAk hilabeteak daramatza helburu hori lortzeko borrokan. Hala ere, administrazioen zein patronalen aldetik itxikeria besterik ez du jaso. Gaiaren inguruan eztabaidatzeari ere uko egiten diote. Nafarroako Parlamentuak txosten juridikoen aitzakia jarri zuen eztabaida ukatzeko; bestetik, Eusko Legebiltzarrean EAJren, PSEren, PPren eta Voxen botoek itxi zuten atea; beraz, mespretxatu egin dituzte Herri-Ekimen Legegilea sostengatu zuten 138.000tik gora sinadurak.

Egoera ikusirik, erantzun indartsu bat emateko ordua da, bai Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta bai Confebask eta CEN patronalei ere. Hala azaldu zuen ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak grebaren aurkezpenean. “Ultraeskuinaren ideiak, indibidualismoa eta botere ekonomikoaren ideiak zabaltzen ari diren uneotan jendea politizatu nahi dugu, oinarritzat elkartasuna eta eskubide sozial gehiagoren aldeko borroka hartuta. Behin eta berriz esan izan dugu: ez dugu etsiko. Presio sindikal eta politikoari eutsiko diogu Hego Euskal Herrirako LGS bat izan arte”.

ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Hau Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek finkatu beharko lukete, behin Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin eta gero. Horregatik, sindikatuak dei egiten die euskal alderdi politikoei aldarri hau Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bestalde, Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirau: lanbidearteko akordioak sina ditzatela LGSa hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen. Lakuntzak azpimarratu zuenez, egungo LGSak ez du bere funtzioa betetzen, ez du prekaritatetik inor ateratzen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.

“Soldatak igotzea ezinbesteko neurria da pobrezia eta prekaritatearekin bukatzeko. Gutxieneko soldata igotzen den heinean gutxien kobratzen dutenekiko soldata arrakala murrizten delako; emakumeak, migratuak eta gazteak batez ere. Gainera, gutxieneko soldata igotzea aberastasuna hobeki banatzeko modu bat da”.

Lakuntzak aipatu zuenez hainbat saiakera egin dira eztabaida hau zabaltzeko, baina patronalek eta gobernuek ate guztiak itxi dituztela salatu zuen. “Bi bide ezberdinetatik saiatu gara, Herri ekimen legegilea eta Lanbidearteko negoziazio baten bitartez. Orain arte ate guztiak itxi dizkigute; grebaren helburua ate horiek zabaltzea da”.