Bizkaiko zahar etxeetan, berriro greban hasteko astebete falta da eta aurrerapausurik ez
Aurreko greba amaitu zenetik ia hilabete bat igaro arren, egoera bertan geldirik dago, ELAk salatzen duenez, ez sektoreko patronalek, ez Bizkaiko Foru Aldundiak ez baitute ezer egiten gatazka onbideratzeko.
ELArentzat patronalaren jarrera oso argigarria eta kontsekuentea da; izan ere, ELAk Eguberritan greba-deialdia egitea “bihozgabea eta ankerra” da, patronalaren esanetan. Baina patronalak, bere aldetik, ez du batere borondaterik erakusten akordiorik lortzeko. Bestalde, ELAk ezin du sinetsi Foru Aldundiaren jarrera, sektoreko patronalen inmobilismoa babesten jarraitzen baitu. Ratioen gainean, esate baterako, ez du proposamen berririk egin, zeren aurrekoa ELAk zein senideek gaitzetsi zuten, oso urria zelakoan.
ELAk berriro agertzen du bere borondatea elkarrizketaren bidetik akordio egoki bat lortzeko; eta horrela, egoitzen egoera larria konponduz, Bizkaiko zahar etxeetako arreta-kalitatea bermatzeko.