ELAk salatu egin du Estatuko Administrazioan liberatu sindikalen inguruan sinatu den akordioa

2012/10/30
Rajoyren gobernuak joan den uztailaren 13an emandako dekretuak besteak beste honako erabakiak zekartzan: aparteko paga kentzea, lanaldia hainbat bidetatik luzatzea, ezintasun osagarriak kentzea, ordezkapenak ez egitea eta enplegu publikoa suntsitzea. Halaber, hainbat eskubide ezabatzearen ondorioz zerbitzu publikoetako langileen defentsa kolektiboa ere eragozten zuen.

 

Atzo, astelehenez, Estatuko Administrazio Orokorreko Mahaian CCOO, UGT, CSIF, USO eta CIG sindikatuek Rajoyren gobernuarekin akordio bat iritsi zuten liberatu sindikalei dagokienez, baina uztaileko dekretuan zeuden gainerako puntuak, hots, zerbitzu publikoetako langileei inoiz egin zaien erasorik larriena, saihestu egin dira.

ELA beste jarrera bat hartzearen alde zegoen: Beste zerbait negoziatu beharra zegoen, Espainiako gobernuak kendutako eskubide laboral, sozial eta sindikal guztiak nola berreskuratu alegia; izan ere, beste edozein tratuk esan nahi baitu ezarri nahi diguten xantaiari men egiten zaiola. Behin ikusirik eskubideak bere onera ekartzeko marko orokorra negoziatzeko aukera baztertuta geratu zela, ELAk arbuiatu egin du gainerako sindikatuek lortutako akordioa eta ez da bilerara joan.

Akordioa oso larria da: Rajoyren dekretuari babesa ematen dio atal honi dagokionez. Baina gainera, soilik sinatzen dutenei aplikatuko zaie, hots, gobernuaren xantaia onartzen dutenei. Defentsa kolektiboaren eskubidea mugatzen duen itun diskriminatzaile hau ikusita, ELAk errekurtsoa sartuko du, bere eskubideak bermatze aldera.

Honela jokatuta Rajoyren gobernuak borondateak erosi nahi ditu, liberatu sindikal batzuren truke, bera izan delarik eskubide horiek deuseztatu dituena. Bestalde, eskubideei egindako erasoa onartzen ez dutenak ostrazismora bidali nahi ditu, eta diskriminazio bidegabea egiten die. ELAk zerbitzu publikoetako langileekiko konpromisoari eutsiko dio eta bere jarrerarekin koherente izango da; ez du boterearen papurrik, ez xantaiarik onartuko. Sindikatu honek bere lanarekin jarraituko du: zerbitzu publikoetako langileak antolatzea, kontzientziatzea eta oraingo zein etorkizuneko murrizketei aurre egiteko borrokatzea.

Aipatzeko modukoa da liberatuen inguruko akordioa oso une jakinean iritsi dela: Enplegu ministroak duela gutxi baietsi du langabezia hazi egin dela arlo publikoan suntsitutako enplegua medio, eta Gobernuko presidenteordeak iragarri du Herri-Administrazioaren Erreformarako Batzorde bat eratuko dela eta zehazten hasi nahi dutela administrazioko kaleratze kolektiboak egin ahal izateko prozedurak.