Enpresen lobbyak Bruselan nagusi
Gardentasunaren eta lobbyen arautze etikoaren aldeko Aliantzak (ALTER-EU), AK Europak eta ÖGB sindikatuko Europako bulegoak egin duten txosten baten arabera (*), oraindik ere korporazio handien ordezkariak izan ohi dira Europar Batzordeari aholkua ematen dioten “Aditu Talde”etako gehiengoa osatzen dutenak.
Honek esan nahi du, esaterako, espekulatzaileek ematen diotela EBri aholkua finantzak arautzeari buruz, edarien multinazionalek, alkoholari dagokionez, edota erregai fosilen konpainiek, aldaketa klimatikoaz. Horrexetan ari da Batzordea, kontu honetan sakoneko erreforma egingo zuela agindu arren.
Txostenaren arabera, Zuzendaritza Nagusi garrantzitsuenetan, esaterako Fiskalitate eta Aduana-Batasunekoan (TAXUD), adituen ia %80ak interes korporatiboen izenean dihardu; %3k enpresa txiki eta ertainak ordezkatzen ditu, eta %1ak, sindikatuak. Idazkaritza Nagusian (IN) interes korporatiboen pisua %64koa da, eta Enpresa eta Industriako Zuzendaritza Nagusian, berriz, %62koa. Batzordeak azken aldion sortu dituen talde guztietan enpresa handietako ordezkari gehiago dago gainerako interes-talde guztietakoak batuta baino. Direlako aditu “independente”ak gehienean interes korporatiboen ordezkari izan ohi dira.
Txostenak kasu konkretu kezkagarri batzuren berri ematen du: adibidez, zerga-ebasoreek erreforma fiskalari buruz ematen dute aholkua, telekomunikazioetako mega-enpresek, datuen pribatutasunari buruz, edota “aditu” klub itxi batek, beste inork ez, Europan krisiari nola aurre egin aholkatzen du.
ELAk salatu du Europar legeak egiterakoan "aditu talde”ek zer esan handia dutela, eta beren baitan korporazio handien interesak nagusi direla, hots, enpresen presio-talde gisa jokatzen dutela.
Gauza jakina izanagatik, ez da arinagoa. Honek argi uzten baitu egungo EB ereduak duen demokrazia gabezia eta botere ekonomiko handiekiko menpekotasuna. Proiektu hau, ELAk hasieratik salatu izan zuen moduan, pertsonei eta herriei muzin eginda eraiki dute. Ezinbestekoa da eredua eta aplikatzen ari diren politikak erabat aldatzea.
(*) ikus txostena honako helbidean:
http://www.alter-eu.org/sites/default/files/documents/Broken_Promises_web.pdf