FLIITS BIZKAIA (UBER ETA GLOVO)

Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta azaroaren 27rako aurreikusitako hauteskunde sindikalak baliogabetu ditu

Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta azaroaren 27rako aurreikusitako hauteskunde sindikalak baliogabetu ditu
Ebazpenak aintzat hartu du ELAk Garraiolarien Sindikatu Libreak (SLT) sustatutako hauteskunde deialdiaren aurka aurkeztutako inpugnazioa. Era berean, berretsi egin ditu hauteskunde prozesuan izandako irregulartasunei eta prozesua deitzeko sindikatu horrek duen legitimazio faltari buruz egindako salaketak.

FLIITS Bizkaian (Glovo eta Uber Eats enpresen kanpoko banaketa flotan) datorren azaroaren 27rako aurreikusita zeuden hauteskunde sindikalak bertan behera geratu dira, ELAren aldeko ebazpen judizialaren ondorioz. Ebazpenak aintzat hartu du sindikatuak Garraiolarien Sindikatu Libreak (SLT) irailaren 21ean erregistratutako hauteskunde aurreabisua inpugnatzeko aurkeztutako helegitea.

ELAk salatu zuen SLTk ez zuela hauteskunde prozesua sustatzeko behar besteko legitimaziorik. Horrez gain, hainbat irregulartasun ere jarri zituen agerian; besteak beste, hautagaitzako kide zen langile bat ELAko jarduera sindikalagatik kaleratzea, bai eta langileen ordezkaritza baldintzatu eta askatasun sindikala gauzatzeko eskubidea urratu izan zezaketen hainbat jardunbide ere.

ELAren arabera, FLIITSek SLTren esku-hartzea ahalbidetu du eta sindikatu hori enpresen interesen aldeko jarrerakoa dela deritzo. Aldi berean, oztopoak jarri dizkio antolakuntza sindikal independentea garatzeari. Horrez gain, beren eskubideak defendatzeko antolatzea erabaki duten langileen aurkako errepresaliak ere izan dira.

“Hauteskunde deialdia baliogabetzeak urrats esanguratsua dakar askatasun sindikala eta langileek beren ordezkariak askatasun osoz aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko bidean, inolako esku-sartzerik eta errepresaliarik gabe”, adierazi du ELAk.

Ebazpenaren ondoren, ELAk FLIITSeko riderrei dei egin die sindikatuan antolatu eta atal sindikal “sendo, independente eta borrokalaria” eratzeko. Horretarako, Glovo Bizkaian ELAk duen atal sindikalaren esperientzia erreferentziatzat hartzea proposatu du. Izan ere, bertan, antolakuntza kolektiboari eta ekintza sindikalari esker, aurrerapausoak eman ahal izan dira lan-eskubideen defentsan.