DONOSTIAKO KALEKO AFARI SOLIDARIOAK

ELAren ustez onartezina da Insaustiren Udalak afari solidarioak debekatu izana

2026/07/29
ELAren ustez onartezina da Insaustiren Udalak afari solidarioak debekatu izana
ELAk bat egiten du uztailaren 29an Donostiako Konstituzio plazan 20.00etan deitutako mobilizazioarekin. Halaber, ELAk salatu du debekua gizarte-bazterkeria egoera baten ondorio dela; izan ere, hainbeste pertsona joaten baziren afari solidarioetara, Udalak behar hori erantzuten ez zuelako da.

Ehunka lagunek (300 eta 350 artean) boluntarioei esker afaldu dute azken 6 urteetan, urteko egun guztietan, eta Udalak ez du ezer egin urte hauetan. Azken urteotan larriagotu egin da egoera hori, pobreziak gora egin du; etxebizitzaren arazoak milaka pertsonari etxebizitza baterako sarbidea ukatzen die, batez ere, pertsona migratuei, turismoak lekua irabazten jarraitzen duen bitartean. Gainera, gero eta gehiago dira Donostiako eta Euskal Herriko beste udalerri batzuetako kaleetan etxerik gabe dauden pertsonak.

ELAk salatu duenez, "azken urteotako jardun ezak, etxebizitza arloan politika eraginkorrik ez izateak eta gizarteratzeko baliabide eskasek ez dute balio bazterkeriari amaiera emateko". Izan ere, Jon Insaustik Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, bizikidetza-arazoak eta segurtasun arazoak argudiatuta, bazterketa-egoerekin bukatzeko baliagarriak ez direla adierazi du.

Halaber,  ELA bereziki kezkatuta dago Donostiako alkateak eskuin muturraren diskurtsoa erosi duelako, eta immigrazioa gatazkekin eta segurtasunik ezarekin lotu duelako. Beste behin ere, zaurgarritasun- eta gizarte-bazterketako arazo bati erantzun punitibista eta poliziala ematen ari zaio.

 Horregatik guztiagatik, afari solidarioak debekatzeko erabakian atzera egiteko eskatu dio ELAk Jon Insaustiren Udalari. Era berean, ELAK gogorarazi du pobrezia ez dela berez desagertzen, eta afari horietara joaten diren ehunka pertsonak pairatzen duten zaurgarritasun-egoerari berehalako irtenbidea emateko eskatu dio Udalari; halaber, gizarte-bazterkeriari amaiera emateko aurrekontu handiagoa bideratzeko eskatu du.

Era berean, ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die zaurgarritasun-egoeran daude pertsonentzat afariak prestatu dituzten dozenaka boluntariori, baita urte luzez afari horietara joan diren pertsona guztiei ere.