Espainiako Gobernu eta sindikatuak negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen ari dira
Aste honetan ELAk berriro ere jakin du CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek birritan izan dutela bilera Espainiako Gobernuarekin langile publikoentzako soldata igoeraz mintzatzeko. ELAk salatu du negoziazio hau, "paraleloa eta mahaitik kanpokoa", euskal sektore publikoko beharginen negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikaleko eskubidearen urraketa larria dela, EBEPeko 36. artikuluan aurreikusitako negoziazio mahaia deitu gabe ari baitira garatzen; mahai horretan ordezkaritza dute gure herriko funtzio publikoan gehiengoa duten sindikatuek -ELAk eta LABek-, baita Galizako lehen sindikatuak ere, CIGek.
ELAk duela bi aste Funtzio Publikoko Estatu-Idazkaritzari idazki bat helarazi zion galdeginez berehala dei zezala EBEPeko 36. artikuluko negoziazio mahaia. Bada, Espainiako Gobernuak entzungor egin du eta gure herrian ordezkaritza handiena duten sindikatuei bizkar emanda negoziatzen jarraitu du.
Negoziazioari berari buruz dagokionez, ELAren ustez adar jotzea da sindikatu batzuek Gobernuaren proposamenari ongi iriztea (2025-2028 epealdirako % 11ko balizko igoera), izan ere, 2022-2025 bitartean erosahalmenaren galera % 8,6tik gorakoa izan baita, eta 2025eko urte arteko KPI dagoeneko % 3,1ekoa baita. Erosahalmenaren galera jada % 11,7koa izan da. Beraz, eskandalua da sindikatu horiek proposamena onartzekotan egotea; jarrera hori beste interes batzuen ondorio da, ez langile publikoen baldintzak hobetzeko borondatearena.
ELAk exijitu du aipatutako mahai hori premiaz dei dezatela; haretan berriz ere galdatuko du aintzat har dezatela euskal langileen negoziazio kolektiborako eskubidea eta gure sektore publikoan dauden gehiengo demokratikoak, hartara langile publikoen baldintzak hemen erabakitzeko moduan izan gaitezen.
Halaber, euskal erakunde eta alderdi politikoei eskatzen diegu autogobernuaren alde egin dezatela eta benetako urratsak egin ditzatela zerbitzu publikoei buruzko erabakiak hemen har daitezen. ELAren iritziz oso larria da aukera hori behin eta berriz ukatzen duten Gobernuari eta sindikatuei estaldura ematea.
Euskal sektore publikoko lan-baldintzak hemen erabaki behar direla aldarrikatzeko eta hori 2026ko Aurrekontu legeanjaso dadin ELAk mobilizazio bat egingo du datorren ostegunean, hilak 27, Gasteizko Legebiltzar aurrean.