ELAk Nafarroako Lan Epaitegiko idazkariaren izendapena atzera botatzeko exijitzen du

2014/03/06
ELAk Nafarroako Lan Epaitegiko idazkariaren izendapena atzera botatzeko exijitzen du
ELAk ustelkeria kasu guztiak aztertu behar direla, eta bizitza publikotik eta politikotik ustelkeria kentzeko neurri guztiak hartu behar direla uste du. Alberto Pascualen izendapenetik hasita. CENek, UGTek eta CCOOek Barcinaren Gobernutik 7 milioi euro jaso eta egun gutxira izendatu dute Alberto Pascual.

ELAk Barcinaren eta Goicoechearen ustelkeria kasuak izan daitezkeenak aztertzeko aurkeztutako salaketaz gain, Lan Epaitegian Alberto Pascualen izendapenaren larritasuna azpimarratu nahi du. Entzutegi Nazionalean CAN auziagatik prozesaturiko pertsona da Pascual, eta Permanentearen dieten auziko epaiketan gezurra esan zuena. Gainera, epaileak lau bider aldiz bidali behar izan zuen Guardia Civila akten kopia lortu ahal izateko.

Honen aurrean CENek, UGTek eta CCOOek publikoki Alberto Pascualen izendapena defendatu dute, Lan Epaitegirako pertsona egokiena dela argudiatuz. Izendapenerako guztien adostasuna Lan Epaitegiaren ereduaren adibide da: bazterketatik jaio zen, eta ustelkeriagatik prozesaturiko pertsona batek zuzenduko du.

ELAk uste du UGTren, CCOOen eta CENen arteko guztien adostasuna ulertzeko gakoa Nafarroako Gobernuak formazio kurtsoak emateko subentzioak epe berean onartu izana dela. Urtarrilaren 23an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen lanean ari diren pertsonei heziketa emateko diru-laguntza deialdia. Lanbide-heziketa mota hau finantzatzeko gastua 7 milioitik gorakoa izango da. Hau argitaratu eta egun gutxira izendatu da Alberto Pascual.

Diru-laguntza hauek Nafarroako Enplegu Zerbitzutik (NEZ) esleitzen dira; berau da Foru-Erkidegoan enplegu politika aktiboak kudeatzen dituen erakundea. NEZeko zuzendaritza organoak CENek, UGTk eta CCOOek osatzen dituzte.

Lana duten pertsonei heziketa emateko diru partida da partidarik handiena. Honen zenbatekoa langabezian dauden pertsonei heziketa emateko partida baino handiagoa da, Espainiar Estatuan beste inon gertatzen ez den bezala.

2014rako deialdiak 7,04 milioi eurotako gastua aurreikusten du. Hiru erakunde hauetako bakoitzak (CEN, UGT eta CCOO) 2,1 milioi euro baino gehiago jasoko ditu heziketa emateagatik. Gainera deialdiak berak ezartzen du nonbaitetik dirua soberan izango balitz, lehen aukera bezala beraiek hiruak soilik aurkezten diren planetara bideratu behar dela diru hori.

Argi ikusten da Comptos Ganberak eginiko gomendioak ez direla betetzen, hala nola NEZeko zuzendaritza organoetan parte hartzen duen erakundeek, honek emandako subentzioen onuradun izatea ekiditearena. Comptosek gainera heziketa emateko beste erakunde batzuk parte hartzea ia ezinezkoa egiten duten baremoak berraztertu eta behar bada aldatzeko exijitzen du. Azken finean, CENek, UGTek eta CCOOek erabakitzen dituzte jasotzen dituzten subentzioak, baina dirua Nafarroako aurrekontutik dator.

ELAren iritziz zuhurtziaz jokatu behar da eta neurriak hartu behar dira ustelkeriaren aurrean, horregatik berriz era Pascualen izendapena atzera botatzeko exijitzen du. Era berean, ELAk kezkatuta ikusten du nola UGTek eta CCOOek ez duten inongo erreakziorik izan Barcinaren Gobernuari ardura politikoak eskatzerako garaian, hau murrizketa sozialak ezaugarritzat duen gobernua izanik gainera.