ELAk Zientzia Legearen blokeoa salatu du mobilizazioan
Lau bioinstitutu publikoetako langileek kalera jo dute lan-prekaritatearen egoera eta 2022az geroztik indarrean dagoen Zientzia Legearen aplikazioaren blokeoa salatzeko. `Zientzia ez da bere kabuz hiltzen´ lelopean, protesta egin dute Bilboko kaleetan barrena, doluz jantzita eta hilkutxa bat hartuta. Hala, osasun arloko ikerketa publikoak pairatzen duen utzikeria salatu nahi izan dute.
Langileen arabera, zentroetako zuzendaritzek eta Eusko Jaurlaritzak legearen aplikazioa atzeratu dute, eta ez dute proposamenik aurkeztu ikertzaileen lan eta soldata baldintzak Osakidetzako kategoria baliokideetako langileen baldintzekin parekatzeko.
ELAk Zientzia Legea berehala aplikatzea, bioinstitutuentzako finantzaketa egokia bermatzea eta ikertzaileen soldatak Osakidetzako langileekin parekatzea exijitu du. Era berean, ohartarazi du konponbiderik ezak talentu ihesa areagotu eta osasun arloko ikerketa publikoaren etorkizuna arriskuan jar dezakeela. Mobilizazioek bihar jarraituko dute Gipuzkoan.