GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK GREBAN

ELAk Foru Aldundiari gatazkari irtenbidea eman eta kaleratze eta murrizketak atzera botatzeko eskatzen dio

ELAk Foru Aldundiari gatazkari irtenbidea eman eta kaleratze eta murrizketak atzera botatzeko eskatzen dio
Langileak sektoreko greba gehiago burutu dituzte atzo eta gaur. Langileak gaur Ordizian egin dute manifestazioa. Bertan, Foru Aldundiari 243 greba egun daramatzan lan gatazka konpontzeko baliabideak jar ditzala eskatu dute. Honekin batera, Ordiziako San Jose egoitzan enpresak kaleratutako grebalaria berriro lanera bueltatu eta emandako murrizketak atzera bota ditzala exijitu dute.

Greba mugagabean dauden egoitzetan 243. egunera iritsi da greba. Gaurkoan, Ordiziako kaleetan zehar egin dute manifestazioa. Atzo Donostiako Alde Zaharretik hasi eta Kontxako hondartzara eraman zituzten aldarrikapenak ondoren Foru Aldundiaren aurrean bukatzeko. 

Orain egun batzuk grebalari bat kaleratu zuten Ordiziako San Jose egoitzan, eta lan baldintzen murrizketak aplikatzen hasi da KABIA foru organismoak azpikontrataturik duen Zaintzen-Clece enpresa. ELAk proposamen bat jarri du mahai gainean egoera hau atzera bota dezan enpresak eta erantzunaren zain dago. Bestalde, urgente bezala eskatu bazuen ere bilera, Foru organismoa ez da ELArekin bilduko uztailaren 22a baino lehen egoera aztertzeko. 

ELAk oso larritzat jotzen du egoera. Izan ere, azken urteetan lan baldintzak okertze nabarmena jasan dute eta langileak –5.000 bat guztira, ia denak emakumeak– gero eta prekarioagoak dira, hala nola kontratuen partzialitatearen igoera, soldata arrakala areagotzea, lan karga izugarriak eta lan osasuneko arazoak ere gora egin baitute.

Hain justu, langileak prekaritatetik aterako dituzten neurriak ari dira eskatzen eta negoziazio mahaia berriro blokeatu da. Horregatik, Foru Aldundiari beste behin ere kaleratze eta murrizketak atzera bota eta langileak prekaritatetik aterako dituen hitzarmen baterako baliabideak eta ekintza politikoa eskatu diote.