VOLKSWAGEN NAVARRA

4 milioi euro baino gehiago aurreztuko ditu soldatarik eta kontraturik gabe lan egiten duten 1.000 pertsonen ilusioen kontura

4 milioi euro baino gehiago aurreztuko ditu soldatarik eta kontraturik gabe lan egiten duten 1.000 pertsonen ilusioen kontura
Prestakuntza aitzakiarekin, egunean 8 orduko lanaldiak egiten dituzte, kotizaziorik gabe, ezta armairurik, aldagelarik, autobusik edo asteburuko txanda berrian sartzeko bermerik gabe. Multinazionalak Chiviteren Gobernuaren babes osoa du (milioi bat euroko dirulaguntza), baita Metalaren sektorean UGT eta CCOOrekin adostutako prekarietatearen hedapena ere.

ELAk beste agerraldi bat egin du (irailekoa kontutan hartuta) salatzeko hiruhileko honetan VW Navarra gutxienez 3,5 milioi euro aurrezten ari dela, kotizazioak kontuan hartu gabe, 1.000 pertsona inguru esplotatzearen kontura. Horretarako, urtarrilaren 8an martxan jarriko den asteburuko txanda berrian lanean hasteko prestakuntza eskaintzen duela esaten du enpresak. Datu ofizialen arabera, 1.000 pertsona horiek hiru hilabete emango dituzte soldatarik jaso gabe, enpresaren esanetara egunean 8 orduz. VW Navarran hitzarmenaren arabera dagokien hasierako soldata ordainduko balitzaie (11 euro orduko), enpresarentzat 4 milioi eurotik gorako kostua izango litzateke (kotizazioak barne). Horri Landabengo enpresa hornitzaileetan antzeko prozesuak egiten ari diren beste 800 pertsonak gehitu behar zaizkio. Horietako inork ez du kontraturik (ez lan-kontraturik, ez praktikaldiko kontraturik), eta ez dute kotizatzen.

Gogoratu behar da VW Navarrak María Chiviteren babes osoa duela. Izan ere, Chivitek berak aurkeztu zuen prozesu hau abuztuan, multinazional alemaniarraren goi zuzendaritzarekin bildu ondoren. Nafarroako Gobernuak ez dio inolako bermerik eskatu VWri, ezta baldintzarik jarri ere, iragarritako milioi bat euroko dirulaguntzaren truke.

Egoera hau posible da UGTk eta CCOOk behin-behineko kontratuak 6 hilabetetik 12 hilabetera luzatu zituztelako, plantillan geratzeko lehian ari diren pertsona prekarioen poltsa handi bat sortzeko. Xantaia sindikal hutsa da, eta, gainera, VW Navarrako hauteskunde urtean egiten ari dira. Horrez gain, ELA Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin bildu da, eta jasotako informazioak sindikatuak salatutakoa berresten du. Are gehiago, Nafar Lansarek ofizialki iragarri du prestakuntza eskaintza osoa geldiaraziko duela, VWn eta haren enpresa hornitzaileetan soilik zentratzeko. Horrek gainerako sektoreak babesik gabe uzten ditu eta multinazional alemaniarrarekiko mendekotasuna areagotzen du. Era berean, Hezkuntza Departamentuak uko egin dio ELArekin biltzeari gai hau aztertzeko.

Ez armairurik, ez aldagelarik, ez autobusik...

ELAk egiaztatu ahal izan ditu dagoeneko Landabenen lekua lortzeko lehian ari diren mila pertsona horiek jasaten duten prekarietatea. Hasteko, dozenaka lagunek beste lan batzuk utzi dituzte, baita ikasketak ere, aukera baten truke: hiru hilabetez doan lan egin ondoren, VWk kontratatzea. Baina ez dago inolako bermerik. Gainera, txanda berri horretako behin-behinekotasun tasa %100ekoa izango da. Eguneroko baldintzei dagokienez, langile hauek ez dute armairurik ezta aldagelarik ere (gutxieneko higiene neurriak urratuz), ez garraiobiderik, eta ezin dute fabrikako jantokia edo beste zerbitzu batzuk erabili. «VWk dio ez direla bere plantillakoak, baina zikindu eta gainerako langileen moduan egiten dute lan», salatu du ELAk.

Prestakuntza prozesuei dagokienez, Lanbide Heziketako titulua duten langileek hiru hilabete inguru ematen dituzte prestakuntzan (instalazioetako gidariak eta mantentze lanetako langileak). Karrozerian aritzen direnek, berriz, bi hilabete eta erdi; eta, azkenik, produkzioko langileek 108 orduko prestakuntza jasotzen dute, horietatik 60 tailerrean. Kasu guztietan, prestakuntza praktikoa hiru txandetan egiten dute: goizez, arratsaldez eta gauez, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

VWk asteburuko produkzio txanda oso bat prestatzea lortuko du, 1.000 pertsona baino gehiagorekin, aldeko hitzarmenen eta diru publikoaren bidez. Baina VWk ez du horren beharrik, azken 6 urteetan 450 milioi eurotik gorako irabaziak izan baititu, kostu hori ekonomikoki bere gain hartzeko. Gainera, multinazionalak soldatetan aurrezpen handia lortu du langileak ABLEetan sartuta (diru publikoarekin ordainduta), fabrika eraldatzeko eta auto elektrikoak ekoizteko.

Azkenik, ELAk prestakuntza kontzeptua noraino desitxuratu den erakusten duen xehetasun bat azaldu du. «Produkzio kateetara piezak muntatzera joaten diren pertsonak zazpi egun eta erdiz baino ez daude bertan; ondoren, etxera bidaltzen dituzte, urtarrilaren 8aren zain, kasurik onenean, VWn lanean hasteko. Zer titulazio emango diete zazpi eguneko prestakuntza praktikoaren ondoren, piezak muntatzen aritu ondoren? Norbaitek azaldu al dio Hezkuntza Departamentuari zer egiten ari diren langabezian dauden pertsona horiekin eta zer titulazio eman dakiekeen? Eta hori guztia gutxi balitz, VWra sartzeko sarreran goizeko 5:15etik aurrera identifikatzeko zain dauden pertsonen ilara luzeek erakusten duten irudi lazgarriaz hitz egin gabe».

ELAk Nafarroako Gobernuari eta hari babesa ematen dioten alderdiei exijitzen die akordioa argitara dezatela eta azal dezatela nondik ateratzen den multinazional bati kostuak murrizten eta irabaziak handitzen laguntzeko bideratutako milioi euro hori, gehienak gazteak diren 1.000 pertsona baino gehiagoren prekarietateaz baliatuta. Ildo horretan, ELAk alderdi horiei exijitzen die Nafarroako Aurrekontuak onar ez ditzatela, prestakuntzaz mozorrotutako diru publikoaren enpresa pribatu baterako desbideratze negozio honetara bideratutako dirulaguntzak bertan behera uzten ez badira.