Lan-hitzarmenari buruzko akordioarekin amaitu da sei hilabeteko greba UTE TMBn
Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen Tratamendu Mekaniko-Biologikorako (TMB) instalazioa 2013an ireki zuen. Orduan kudeaketa azpikontrata baten esku jarri zuen, lan-baldintza negargarriekin, hauek hondakinen bilketa eta birziklapeneko hitzarmen estatalari baitzegozkion: Estatu mailako hitzarmen honetan soldatak urtean 14.000 euro ingurukoak dira, eta lanaldia 1.780 ordukoa.
Enpresa honetan sinatu den bigarren lan-hitzarmen honekin, zeinak lau urteko iraunaldia izango duen (2016-2019), langileek hobekuntza nabarmenak izango dituzte:
-
Urtean 1.672 orduko lanaldi efektiboa; beraz, 56 ordu gutxiago.
-
Batez besteko soldata urtean 26.000 eurokoa izango da. Lau urtean 4.600 euro lineal igoko dira, gehi 2017ko eta 2018ko KPIa. Lana larunbat, igande eta jaiegunetan eginez gero plusak izango dira.
-
Hobetu egingo dira ere lizentziak, borondatezko eszedentzia eta atsedenaldia; arautu egiten dira edoskitze-aldia metatzea eta gertakizun profesionaletako aseguro kolektiboa.
-
Gaixoaldi arruntean soldataren %95 jasoko dela bermatuko da.
-
Lanaldiaren %27ko kontratua duten aldi baterako langileek aurrerantzean %75 izango dute, eta beren kontratuak mugagabeak izango dira.
-
Malgutasuna urtean 6 egunez aplikatuko da gehienez.
Lan-baldintzak horrela hobetzeko beharrezkoa izan da lan-taldearen irmotasuna, antolatzeko hartu zuten erabakia eta borrokatzeko gaitasuna, baita ELAko milaka afiliatuen babes solidarioa ere.
Bestalde, ELAk salatu beharrekoa jotzen du Bizkaiko Foru Aldundiak gatazkan izan duen jarrera. TMB azpikontrata baten esku uzteak ez dio bertan gerta daitekeenari buruzko arduratik salbu uzten. Aldundia da instalazio honen jabea, Bizkaiko hondakin guztien kudeaketaren arduraduna, eta TMBn sartzen den hondakin tona bakoitza antolatzen duena.
Greba luzatu den urte erdian Aldundiko arduradunek bere lantegiko beharginekin bilera bat ere ez dute egin, eta baldintzak hobetu eta prekaritatea amai zedin irtenbide bat emateko aukera ukatu dute. Agerikoa da beren jarrerarekin Bizkaiko gizarte guztiari eragin dion gatazka hau luzatzea eragin dutela.