eraikuntza - nafarroa

ELAk errefusatu egin du CCOOk eta UGTk sinatu duten hitzarmena

ELAk errefusatu egin du CCOOk eta UGTk sinatu duten hitzarmena
Akordioak Estatuko hitzarmenarekiko erabateko mendekotasunaren eredua finkatzen du, eta Nafarroako lan baldintzen funtsezko alderdiak Madrilgo negoziazioaren esku uzten ditu. Erabaki hori greba orokorrean milaka langilek atzo defendatu genuenaren kontrakoa da: hemen erabaki beharra, gure bizi eta lan baldintzak hobetzeko gaitasun propioa izatea, gure eremutik kanpo adosten denaren mende egon gabe.

Ez da onargarria, lan harremanen esparru propioa defendatzeko mobilizazio masibo baten ondoren, praktikan helburu horri uko egiten dion eta Estatuko negoziazioarekiko mendekotasuna betikotzen duen hitzarmen bat sinatzea.

Gainera, akordioaren edukia ez da nahikoa. Jasotako neurriak oso mugatuak dira eta ez diete erantzuten sektorearen benetako beharrei.

Ez da hobekuntza nabarmenik egiten soldatetan, ez da KPIa bermatzen, ez da urteko lanaldia murrizten eta ez dakar inolako aurrerapenik lan-baldintzetan, langileriaren zati handi batek jasaten duen bizi-garestitzeak eta prekarietateak markatutako testuinguru batean.

Akordioak ez ditu CCOOk eta UGTk berak negoziazioan zehar defendatu dituzten hobekuntzak ere jasotzen, hau da, akordiora iristeko ezinbestekoak direnak: lanaldi-murrizketa eta errelebo-kontratua.

Beste behin ere, estatuko sindikatuek patronalari eta sektoreko enpresei bakarrik mesede egiten dien akordio bat sinatu dute.

ELAk lanean jarraituko du, sektoreko langileekin batera, negoziazio kolektibo propio eta erreal bat bultzatzeko, benetako edukiekin eta lan eta bizi-baldintzetan hobekuntza eraginkorrak bermatzeko gaitasunarekin.