PENTSIOEN ERREFORMA

Mitxel Lakuntza: “EAJk eta EH Bilduk 50 urtetik beherakoei pentsioak murrizteari bide eman die, eta erretiroa 67 urtetan betikotu”

2023/04/04
Mitxel Lakuntza: “EAJk eta EH Bilduk 50 urtetik beherakoei pentsioak murrizteari bide eman die, eta erretiroa 67 urtetan betikotu”
ELAko ehunka militante batu dira Bilbon pentsioen erreformaren kontra. Udaletxetik Moyua plazara egin dute manifestazioa, eta amaierako ekitaldian hartu dute hitza Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Leire Gallego sindikatuko Gizarte Ekintzako arduradunak. ELAk mobilizatzen jarraituko du pentsioak Hego Euskal Herrian erabaki eta hobetu daitezen.

Lakuntza oso kritiko azaldu da Madrilen ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdiekin, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin egin baitu aurrera erreformak. Babes horrekin bide eman diete murrizketei (erretiro adina 67 urtera igotzea, adibidez), eta 50 urtetik berako langileei pentsioetan aplikatuko zaizkienak. Gutxieneko pentsioen auzia ere konpondu gabe utzi dute. “Erreforma honek ez ditu indargabetzen 2011ko murrizketak, eutsi egiten die, eta pentsio txikienen arazoak moldatu gabe jarraitzen du”, ziurtatu du idazkari nagusiak.

Gainera, EAJri eta EH Bilduri gezurretan ibiltzea leporatu die Lakuntzak, murrizketak ezkutatzeagatik. Sindikatuak behin baino gehiagotan salatu du apenas handituko direla pentsioak. Esaterako, igoera horiek progresiboak izango dira, eta urtean 10 euro handituko dira pentsioak, alegia, oso gutxi. Eta 50 urtetik beherako herritarrei murrizketak aplikatuko zaizkiela oroitarazi du ELAko buruak, erretiroa ere 67 urtetan betikotuta.

Bestalde, Leire Gallegok azpimarratu du gutxieneko pentsioak hilean 700 eta 800 euro artean geratuko direla. Horren azpitik, hala ere, geratuko da kotizazio gabeko pentsioa. Gaur egun 525 eurokoa da pentsio hori eta, adostutakoaren arabera, 510,80 euroko langan gera daiteke. Gainera, soldata arrakala konpontzeko neurri eraginkorrik ez dagoela salatu du.

Horregatik guztiagatik, mobilizatzen jarraitzearen alde hitz egin du Lakuntzak. “Mobilizatzen jarraituko dugu pentsio sistema publikoa defendatzeko. Murrizketen aurka. Esateko Euskal Herrian erabaki nahi ditugula pentsioak eta gogoratzeko Urkullu eta Chiviteren gobernuei gutxiengo pentsioak hemen ere hobetu daitezkeela”.

ELAren hurrengo pentsioen kontrako mobilizazioa Iruñean izango da, apirilaren 20an. 12:00etan kontzentrazioa egingo du Udaletxe atarian, Galiziako CIGa eta Kataluniako Intersindikal sindikatuarekin batera antolatutako mobilizazioen baitan.