Aburto Sailburuak gehiengo sindikala mespretxatzen du bere politikak egiteko babesa lortze aldera
ELAren ustez Jaurlaritzak aplikatzen dituen politika neoliberalak bateraezinak dira elkarrizketa sozialarekin. Doikuntza eta murriztea da bere politikaren ezaugarria; lehentasuna defizita gutxitu eta zorra ordaintzeari ematen zaio, eta baztertu egiten da, gehien irabazten dutenen mesedetan, EBko batez besteko presio fiskalaren mailara iristeko aukera, horrek emango lituzkeen aukerekin.
ELAk aurrerago esan zuen elkarrizketa sozialaren inguruko Jaurlaritzaren agiria ez dela demokrazia batekin uztartzeko modukoa. Gobernuak esan zuenez bera idazterakoan hainbat “aditu” izan zuen lankide gisa, baina hauek nor ziren ez du esan. Dokumentuan Jaurlaritzak esaten du berari dagokiola sindikalismoaren eginkizuna “mugatzea”. Aspaldiko urteetan ez genuen halakorik entzun. Taxuzko gobernu batek egin behar duena autonomia sindikala eta arau demokratikoak errespetatzea da. Horregatik esan dugu Jaurlaritzak gutxiengoen sindikalismoaren alde egin duela, eredu bertikalari jarraiki eta boterearen gatibu dena.
Gainera, gobernuak proposatzen duen lan-harremanen “eredu berria” bat dator patronalaren nahiekin (honi, bide batez, kritikarik ez dio sekula egiten, diru publiko gehien jasotzen duen arren, gero lobby antidemokratiko gisa jokatzeko), baita ezarri diren erreforma gogoren eduki gordinekin ere. Agian horregatik Jaurlaritza aise ari da bere ardurapean dagoen esparruan negoziazio kolektiboa deusezten.
Bitartean, eskubide laboral eta sozialak zanpatu egiten dira; lan merkatuan sartzen diren lagunak baldintza miserableetan hartzen dituzte... Gobernuarentzat, esaterako, ez da arazoa desberdintasun soziala eta pobrezia gehitzea.
Haatik, Jaurlaritzak ondo ezagutzen du CCOO eta UGT zein kinkan dauden. Ezagutzen ditu, halaber, eta badirudi miretsi ere egiten dituela Espainian eta Nafarroan elkarrizketa sozialak eman dituen “fruituak”; prestakuntzaren eta EEEen kudeaketan ustelkeria kasuak gertatu dira... Gobernuak ez du ukatzen, ELArekin biltzen denean, beharrizan finantzarioek iltzatu dituztela sindikatu haiek mahai horietara. Gainera, Nafarroako kasua ere aipa daiteke: CCOOek eta UGTk PSNri exijitu diote Barcinaren aurrekontuak babes ditzala. Arrazoia begibistakoa da: beren finantzazioa horren baitan dago.
ELAk ez du halako mahairik babestuko. Ez da gizalegerik gabe jokatzea, sailburuak sinetsarazi nahi duen bezala. Jaurlaritzaren proposamenarekin espainiar sistema laboralaren azpi-esparru bat onesten da, eta haren akats guztiak bere horretan hartzen dira. Adibidez, argigarria da kopia horretan enplegurako prestakuntza sistema batzuk mantentzea, argi geratu den arren hauek bat ere eragingarriak ez direla izan. Inork ez du zalantzan jartzen gastu horren benetako xedea zein den. Beraz, honetan ere, Urkulluren gobernua Lopez eta Barcinak gidatu dituztenen modukoa da.