Enplegua sortzen bada ere, langabezia eta prekarietate mailak jasangaitzak dira Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian langabeziak behera egin du azken urtean 16.900 pertsonatan, oraindik ere 157.000 lagun langabezian egonik. Horietatik, 90.800ek urtebete baino gehiago daramate langabezian, hots langabeen %57,8 hain zuzen.
Bestalde, 20.100 pertsona gehiagok dute enplegua, %17,3k partziala dutelarik. Soldatapeko kopuruak, bestalde, 31.500etan egin du gora; tenporalitate mailak oso altu jarraitzen duelarik, %23,8an zehazki.
Hori dela eta, enplegua sortzen den arren langabezia mailak jasangaitza izaten jarraitzen du, lan egin nahi duten 8 pertsonatik 1 langabe baitago. Gazteen kasuan, 3tik 1ekoa da erlazio hori.
Prekarietateak ere maila altuegian segitzen du: 6 okupatutik 1ek lanaldi murritzean egiten du lan (emakumeen kasuan 3tik 1ek) eta 4 soldatapekotik 1ek aldi-baterako kontratua baitauka (emakumeek gizonek baino %27 altuagoa pairatzen dutelarik tenporalitatea).
Hazkunde ekonomikoa, enpleguaren sorrera eta langabeziaren jaitsiera ematen ari den testuinguru honetan, biztanleriaren zati handi batek ez du inolako hobekuntzarik ikusten bere egoera sozioekonomikoan.
Besteak beste, emakume, gazte, nagusi eta urtebete baino gehiago langabe daramatenen egoera oso latza da eta apur bat hobetu den arren, guztiz jasangaitza da. Are gehiago Europar Batasunean ematen den egoerarekin alderatzean, kontinentean batezbestean dagoen egoera baino askoz ere okerragoa baita Hego Euskal Herrian dagoena.