COVIDaren eraginagatik EPE-an parte hartu ezinik geratzen diren hautagaientzat alternatibarik ez du eskaintzen Hezkuntza Sailak

2021/03/24
COVIDaren eraginagatik EPE-an parte  hartu ezinik geratzen  diren hautagaientzat alternatibarik ez du eskaintzen  Hezkuntza Sailak
Hezkuntza Sailak informazioa informazio emateko soilerako beste bilera batera deitu gintuen sindikatuok martxoaren 23an. Bilera honetan 2020ko lan-eskaintza publikoaren azterketen data zehatzak jakinarazi zigun: 2021ko ekainaren 19ko asteburuan idatzizkoa, eta 2021ko irailaren 6tik aurrera ahozkoa.

Erabaki honen ondorioz, besteak beste, praktikaldiko funtzionarioen izendapena 22/23 ikasturtera arte atzeratuko da eta gaizki deituriko “egonkortasun prozesua”, aldiz, 23/24 ikasturtera arte. Azken honi dagokionez, ELAtik argi utzi genuen, beste behin ere, egonkortasun aginduarekiko dugun kontrako iritzia, hots, ez duela inolaz ere irakasleok pairatzen dugun behin-behinekotasuna konponduko eta gainera, ordezko askoren lan baldintzak okerrera egingo dutela, batez ere, sektorean antzinatasun gehien dutenen kasuan.

Hautagaien parte hartze eskubideari dagokionez, COVIDaren eraginagatik etxean geratu behar diren hautagaientzat alternatibarik ez eskaintzea leporatu dio ELAk Hezkuntza Sailari. Alternatiba ezak, euren parte hartze eskubidea urratzeaz aparte, azterketa egitera joango diren hautagaien segurtasuna kolokan jar dezake ekainean eman daitezken jarrera askoren ondorioz. Gerta daitezkeen osasun arazo eta egoerak beraz, Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren ondorio zuzena izango dira, sindikatuak galdegin dion gai nagusietako bat izan arren,  aldebakarreko erabaki berri batean, hautagai horientzat alternatibarik ez planifikatzea erabaki duelako.

Amaitzeko, ELA EPE eredu hauen kritikan berresten da eta behin-behineko langileak kontsolidatzeko benetako prozesuak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari beste behin ere. ELA erabat prest dago gaur egun hezkuntza publikoan enpleguaren inguruan daukagun arazo larrienari, hau da, behin-behinekotasun maila onartezinari buruz modu integral batean  hitz egiteko, behin behineko horien kontsolidazioa zein lanpostu publiko horien bermea suposatuko duten neurriak negoziatzeko eta adostasunak bilatzeko. ELAk badauka proposamen egoki bat landuta, jada Eusko Jaurlaritzari helarazi diona.

Baina, Hezkuntza Saila horretarako prest ez dagoen bitartean aurrean izango gaitu, eta horregatik, benetako EPE kontsolidatzaileen defentsan, apirilaren 22an sektore publikoko langile guztiak grebara aterako gara.