GUTXIENEKO SOLDATA PROPIOA

ELAk 5.000 militante baino gehiago deitu ditu 189 ikastaro sindikaletarako, Greba Orokorra prestatzeko

2026/01/15
ELAk 5.000 militante baino gehiago deitu ditu 189 ikastaro sindikaletarako, Greba Orokorra prestatzeko
Sindikatua M17a prestatzen hasi da, eta Hego Euskal Herri osoan zabalduko du lantoki guztiak gelditzeko beharra, LGS propioa lortzeko.

ELAk martxoaren 17ko greba orokorra deitu du LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuekin batera, "Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" lelopean. Deialdiaren arrakasta bermatzeko, aste honetan bertan hasi dira greba orokorra prestatzeko 200 ikastaro inguru, eta 5.000 lagun baino gehiago deituta daude (Euskal Herriko milaka lantokitako ELAko ordezkariak).

Zehazki, ELAk 189 ikastaro antolatu ditu Hego Euskal Herri osoan zehar (gutxienez 35 herritan), eta 'Dena gelditu, aldaketa eragiteko’ izenburuko liburuxka  zabaltzen ari da. Argitalpen horretan, egungo testuinguruan sakontzen da, bai eta langile-klasea eta gizarte osoa aktibatzeko premian eta martxoaren 17ko greba orokorraren abagunean ere. Era berean, grebaren eta borroka kolektiboaren eraginkortasuna erakusten duten konkista sozialen eta garaipen sindikalen adibide ugari eskaintzen ditu.

Jakina denez, aldarrikapen nagusia LGS propio bat ezartzea da, Gasteizko (EAE) eta Iruñeko (Nafarroa) parlamentuek finkatuko luketena. 2026rako, LGS horren zenbatekoa 1.500 eurokoa izango litzateke, eta kopuru horrek 165.000 pertsona pobreziatik ateratzen lagunduko luke: enplegua dute, baina horrek ez die berez bizitza duina bermatzen.

Euskal LGS horrek aberastasuna hobeto banatzen eta jatorrizko, generoko eta adineko soldata-arrakalak murrizten lagunduko luke. Onuradun handienak migratzaileak, gazteak eta emakumeak izango lirateke. Gainera, soldata guztiak gorantz bultzatuko lirateke, soldata baxuetatik hasita. Hileko 1.500 euroko kopuru horrek Alemania (2.054 euro) edo Frantzia (1.767) bezalako estatuetara hurbilduko luke euskal langileria. Eta, jakina, LGS Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan erabakiko balitz, hori aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke burujabetzan eta autogobernuan ("Hemen erabaki" grebaren leloaren zati garrantzitsu bat da). Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruak elementu bat gehiago izango luke bere eskumenen artean, eta, aldi berean, burujabetzaren aldeko aldarrikapenaren gehiengo soziala handituko litzateke.

Ildo horretan, ELAk gogorarazi du ikastaroetara deitutako 5.000 pertsona baino gehiago Euskal Herriko lehen sindikatuaren militantziaren lehen lerroa direla. Hortik aparte, ELAk 9.800 ordezkari baino gehiago ditu milaka lantokitan, eta 104.000 afiliatu baino gehiago. Horiek guztiak, eta gainerako langile klasea eta euskal gizartea M17ko greban eta datozen asteetan LAB, Steilas, Hiru eta Etxalderekin batera deituko diren ekitaldi eta mobilizazioetan aktiboki parte hartzera deituta daude.