ELAk bat egiten du urtarrilaren 12ko manifestarioarekin
ELAren ustez estatu espainiar eta frantsesak euskal preso politikoekiko aplikatzen duen espetxe-politika bidegabea da, gizalegearen eta zuzenbidearen aurkakoa.
- 600dik gora preso barreiatuta daude Espainia eta Frantziako lurraldeetan zehar, beren jatorritik urruntze aldera; honek kalte egiten die, presoei ez ezik, hauen senide eta adiskideei.
- Legeari muzin egiten diote gaixotasun sendagaitz larriak dituzten presoak askatzeari dagokionez.
- Gainera, zigorrak luzatzen tematzen dira, Parot doktrina delakoa aplikatuz, Europako Giza-Eskubideen Auzitegiak aho batez ebatzi duen arren jokabide horrek urratu egiten duela legalitate printzipioa eta Europako Giza-Eskubideen hitzarmenak jasotzen duen askatasun eta segurtasuna izateko eskubidea.
Espetxe-politika honen xedea mendekua da, eta PPk zein PSOEk 2000. urtean sinatu zuten Itun Antiterrorista hartzen du oinarritzat; itun hau, hain zuzen, berretsi egin zuten konfederazio sindikal espainiar eta frantsesek 2001eko martxoan. Akordio honetako oinarri errepresibo, antidemokratiko eta antisubiranistekin bat datoz, zoritxarrez, estatu-aparatu guztiak, gobernu frantsesa eta Espainiako erakunde eta komunikabide mordo bat. Itun haren mamia –orain agerian geratu da, ETAk bere ekintza armatuak behin betiko baztertu dituenean– bortizkeria arbuiatzea baino askoz gehiago zen.
Halaber, itun hori indarrean dagoenez, espainiar gobernuak ukatu egiten du ETAk duela urte eta erdi aldebakarretik borroka armatua behin betiko uztea erabaki izanak ireki zuen bake-agertokia kudeatzeko aukera. EL Ak gauza bat nabarmendu nahi du: espainiar eta frantses estatuetako gobernuek inoiz ez dute oraingo moduko aukera bat izan izaera politikoa duen arazo hau behin betiko konpontzeko.
Gure iritziz, bestalde, espetxe-politika horrek eta bake-prozesuari ekiteko ukapenak onartu ezineko bi helburu dituzte. Batetik, gatazkaren kontakizun jakin bat inposatzea, soilik alde batek sufritu izan duena aintzat hartzea eta estatuaren politika errepresiboa legitimatzea. Bestetik, ETAk historian zehar bere legitimazioa izan zuen mugimendu soziopolitikoa baldintzatzea, politika normalizatura igarotzen ari den uneotan: kontua ez da bakarrik mugimendu horrek aldebakarreko kontakizun hori modu akritikoan ontzat ematea; gainera, onartu egin beharko luke ere espainiar estatuan trantsizio politikoa “euskal auzia”ri buruz nola egin zen.
ELAren ustez, Itun Antiterrorista indargabetzeko unea dugu hau; gatazkaren konponbideari buruzko pedagogia lantzeko unea, oinarri gisa egia eta justizia dituen adiskidetzea bultzatzekoa, eta elkarrizketa politiko bat hasteko garaia (desarmearekin, presoekin eta exiliatuekin lotuta dauden xehetasun guztiak argitze aldera). Horrekin batera, biktima guztiak aitortzeko taxuzko urratsa ere egin behar dira. Horixe eskatzen du gure herrian gizarteko gehiengo handi batek.
Halaber, giza-eskubideen eta konponbidearen alde mobilizazioak egin behar dira. Zehazki, orain espetxe-politikari buruzko urratsak egin daitezela eskatzen dugu.
Bide horretan, azken urteetan egin izan duen legez, ELAk bere afiliatuei dei egiten die urtarrilaren 12an Bilbon izango den manifestazioan parte har dezaten; deialdiaren goiburua, “Giza-eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”.
Gainera, guztiak animatu nahi ditu hiri eta herrietan hileko azken ostiralean, 28an, euskal preso politikoen eskubideen alde izango diren bilkuretan parte har dezaten.