Euskara

Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerro bat irekitzea galerazi du Corellan

Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerro bat irekitzea galerazi du Corellan
Hezkuntza Departamentua euskara irakasteko prozesuan oztopo izatea kritikatu du ELAk.

ELAk babesa adierazi die ikasturte honetan Corellako D ereduan hastea ukatu zaien hamaika familiei. Departamentuak galerazi egin du, nahiz eta aurrematrikulaziorako gaitutako epean, 2025eko martxoan, familiek eredu hori aukeratu zuten. Beraz, Departamentuak ez badu D eredua martxan jarri, erabaki politikoagatik izan da. Sindikatuaren ustez, erabaki honek, ondorio praktikoetan, ikasleei euskara ikasteko eskubidea ukatzea dakar.

Departamentuak esan du eskola-mapa aldatu behar duela lehenengo eredua ezarri ahal izateko, baina ez da horrela. Izan ere, orain lerroa ireki dezake eta aldaketa hori aurrerago egin. Egin duen interpretazio zorrotz honek talka egiten du Departamentuak PAI ezartzeko eta iraunarazteko duen jarrera tematiarekin. Horretarako, gai da Nafarroan irakasle talde partikular bat sortzeko edo Nafarroako Arartekoaren gomendioei jaramonik ez egiteko. Argi dago programa jakin batzuk sustatzeko denak balio duela, eta euskarazko irakaskuntza denean, ordea, dena direla eragozpenak, oztopoak eta atzerapenak.

ELAk gobernuko kideei -Geroa Bai eta Contigo Zurekin- eta gobernua kanpotik sostengatzen duen EH Bilduri eskatu die erabakia ontzat eman ez dezatela eta Hezkuntza Departamentuari erabakia lehengoratzeko presioa egin diezaiotela, familien borondatea errespetatu dadin eta ikasturte honetatik bertatik D eredua martxan jar dadin.