ELAk Luke Uribe-Etxebarria EITBko Administrazio Kontseiluko kidearen dimisioa eskatu du
EITBko ELAren sail sindikalak salatu egin du atzo Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak izan zuen jokabidea. Hain zuzen Erakunde Publiko honetako Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kide den Uribe-Etxebarriak ahaleginak egin zituen ETBko kazetari bati eragozteko haren taldekideak Iñigo Cabacasen senideekin zeukaten bilera baten irudiak hartzen.
UribeEtxebarria gure lankidearen eginbeharra galarazten saiatu zen, eta kamara aurrean jarri zen grabazioa oztopatzeko, gelditzeko keinu nabarmenak eginez.
ELAko sail sindikalak onartu ezinekoa irizten dio hautetsi baten honelako jokabide bati, areago kontutan izanik EITBn duen postua; bere asmoa erakunde bereko behargin baten lana baldintzatzea izan zen, prentsa-askatasunaren kontra joaz, publikoari beronen interesekoa izan daitekeen albiste bat ezagutzeko aukera ukatzen ziolarik.
ELAren ustez, jarrera hau ez dator bat Uribe-Etxebarria legebiltzarkidearen Administrazio Kontseiluko ardurekin; beraz, bere dimisioa eskatu du.