Altzairu fabrikan 50 gradutan ere lanean egon direla salatu dute Lan Ikuskaritzan
Muturreko beroaren ondorioz, hainbat pertsonak botikina erabili behar izan dute. Egoera horren aurrean, ELA, LAB, La Senda de Ugarte, ESK, UGT, USO eta CCOO sindikatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan.
Gehiengo sindikala (ELA, LAB, La Senda de Ugarte eta ESK) osasuna babesteko neurriak adosten saiatu da, besteak beste, ekainean altzairutegian izandako tenperatura altuen aurrean ekoizpena egokitzea eskatu dute. Enpresak, ordea, neurriak hartu beharrean, sute simulazio bat aktibatu zuen hurrengo egunean, 13:30ean. Hala, beren lanaldian bero handiz lanean ari ziren pertsonek kalera irten behar izan zuten, 44ºC-rekin, eguzkitik babestu ezinik, laneko arropekin eta tenperaturaren berri emateko eskumuturreko guztiak txistuka zituztela. Jarrera horrek, gainera, enpresaren larrialdi planean bertan jasotakoa urratzen du; izan ere, plan horrek adierazten du ez dela simulaziorik egin behar ordu zentraletan, bero handia egiten duen egunetan.
Orain arte hartutako neurriak, ordea, oso azalekoak izan dira.
Gainera, azpimarratu dute ez dela gertaera isolatua. Joan den astean, Gasteizko langileek elkarretaratzea egin zuten. Bertan salatu zuten hainbat bero kolpe izan direla eta ez dela hartu beroari aurre egiteko neurririk.