ELAk Donostia eta Irungo Gurutze Gorriko egoitzetan enpresa hitzarmena sinatzeko aurre akordioa lortu du
Donostia eta Irungo egoitzak. Akordio honekin, jadanik, badira 33 egoitza eta eguneko zentro, enpresako hitzarmena sinatzeko akordioa itxi dutenak. Enpresa hitzarmenak, eduki ekonomiko eta hobekuntza sozialak jasotzeaz gain, enpresa eta erakunde hauetan Rajoyren erreformari aurre egiteko beharrezko diren klausula guztiak ditu.
Donostia eta Irungo Gurutze Gorrian lan egiten duten langileak 150 dira. ELAk akordioa positiboki baloratzen du, ez soilik afektatutako langile kopuruagatik baizik eta Gurutze Gorriak kudeatzen dituen bi adinekoen egoitzak eredu jotzen ditu, oinarrizko finantzaketarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako langile ratioen gainetik lanpostuak sortzeagatik.
Gurtze Gorria, LARES patronalaren kide da, eta langile kopuruagatik aipatu patronalaren bigarren handiena da. Paradoxikoki, patronal honek sektoreko akordioa sinatzeari uko egiten dio, nahiz eta irabazi asmori gabeko erakundeak ordezkatu.
ELA, akordio berri hau lortzearekin, akordioak posible direla ikusteaz gain, bere posizioan berresten da beste behin ere. Aldiz, ADEGI eta LARES patronalek, mediatikoki ke gortina sortu dute, akordioa ukatzeko benetako arrazoiak ezkutatzeko. Hauen benetako asmoa, geroz eta diru publiko gehiagorekin poltsikoak betetzea eta lan erreforma gordinki aplikatzea da, diru eta botere egarri izugarriz, arkumez mozorrotutako otso bailiran.
Aipatu, Egogain adinekoen egoitza, maiatzaren 18tik greba mugagabera gehitu dela. Egogain, Foru Aldundiaren egoitza da eta CLECE enpresak kudeatzen du zerbitzua. CLECE, langileen demanda gehien dituen enpresa da eta, greba mugagabean ditu Gipuzkoan kudeatzen dituen bi egoitzetako langileak. CLECEk, hitzarmen kolektiboak eta oinarrizko legedia ez betetzea ditu ezaugarri. ELAk dei egiten dio CLECEri duen estrategia lotsagarria aldatu eta Lasarteko Atso Bakar eta Eibarko Egogain egoitzetako langileak errespetatzen hasteko.
Amaitzeko, ELAk beste behin ere, dei egiten die, oraindik akordioa sinatu ez duten enpresei, ahalik eta azkarren, bizi dugun gatazka gogor eta saihestezinari bukaera emango dion akordioa sinatu dezaten.