EUSKARA ETA LAN MUNDUA

Euskara lanorduetan ikasteko aukera eta aldibereko itzulpen zerbitzuak hedatzea aldarrikatu du ELAk

2026/09/18
Euskara lanorduetan ikasteko aukera eta aldibereko itzulpen zerbitzuak hedatzea aldarrikatu du ELAk
Lan-hitzarmenen negoziazioak euskaraz egiten hasi ondoren, ELAk hurrengo hilabeteetarako bi ekimen berri iragarri ditu: Langileek euskara ikastea sustatuko duen arautegia sortzea eta hori lanbidearteko akordio batean jasotzea; eta aldibereko itzulpen zerbitzua lan munduko beste eremu batzuetara hedatzea, euskaraz aritu nahi duten langileei eta herritarrei eskubide hori bermatzeko. ELAk hainbat sektoretan euskaraz negoziatzeko erabakiari tinko eutsi ondoren, Lan Harremanen Kontseiluak aldibereko itzulpenerako baliabideak eskainiko dituela adierazi izana pozgarria da.

Sektoreko hitzarmenen negoziazioetan euskara erabili ahal izango da aurrerantzean

Uztailean ELAk EAEko 27 sektore hitzarmenetan euskaraz negoziatzeari ekingo ziola adierazi ondoren, eta iragarritakoari eutsita, Lan Harremanen Kontseiluak konpromisoa hartu du aurrerantzean negoziazio guztietan aldibereko interpretazio-zerbitzua eskaintzeko. Hala, ELAren ekimenari esker, aurrerantzean ELAk eta hala nahi duten gainerako sindikatuek eta patronalek euskaraz negoziatzeko aukera izango dute. Ekimen honek argi erakutsi du zer egin behar den euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatzeko: Modu antolatuan euskararentzako espazioak okupatu beharra dago, inoren baimenaren zain egon gabe.

Hala ere, ELAk salatu du Lan Harremanen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela behin-behineko konponbiderik bilatu, nahiz eta aurretiaz jakin ELAk euskaraz negoziatzeko asmoa zuela eta Eusko Jaurlaritzak zein beste hainbat erakunde publikok interpretazio-zerbitzua izan. Era berean, ELAk kritikatu egin du zenbait patronalen eta estatu mailako sindikaturen jarrera euskarafoboa: aldibereko interpretazio-zerbitzua eskaini ondoren, uko egin zioten zerbitzua erabiltzeari, eta nahiago izan zuten euskarazko jarduna ez ulertu ELAk eskainitako laguntza onartu baino.

Nafarroan ez dago Lan Harremanen Kontseilurik eta, ondorioz, ELAk beste sindikatuak eta patronalak bilera batera deitu ditu irailaren 23an, Nafarroako Gobernuari elkarrekin negoziazioak euskaraz egin ahal izateko eskaera luzatzeko.

Aldibereko itzulpen zerbitzuak hedatu beharra dago

ELAk zenbait sektoretako negoziazioetan euskaraz jardungo duela iragarri izanak agerian utzi du EAEko (Nafarroaz eta Iparraldeaz zer esanik ez) euskararen “normalizazio prozesuaren” egiturazko ahulezietako bat: aldibereko interpretazio zerbitzuen eskaintza urria. Horrek ezinezko bihurtzen du sektoreko negoziazio formaletan euskaraz normaltasunez aritu ahal izatea, eta are gehiago maila horretatik beherako negoziazioetan.

Aldibereko interpretazio-zerbitzuak hedatzeak euskaraz aritu nahi duten baina eskubide hori bermatuta ez duten herritarren auziari ikusgarritasuna ematen dio, eta “ikusezina” den arazoa agerian uzten du. Egun, halako zerbitzurik ez dagoenean, menpekotasunak jota, herritar euskaldunak normalean euskaraz aritzeari uko egiten dio; euskaraz aritzen tematzen bada, “gatazka-iturri” bihurtuko baita. Ondorioz, herritar euskaldunek ezin dituzte beren hizkuntza-eskubideak gauzatu, eta euskaraz ez dakiten herritarrek ez dituzte euskaldunak “ikusten”, ezta euskaldunen oinarrizko eskubideen urraketaz jabetzen ere.

ELAren iritziz, salagarria da Eusko Jaurlaritzaren aldibereko itzulpen zerbitzua ordainpekoa izatea, baita Eusko Jaurlaritzako sailei edo haren mendeko erakundeei eskaintzen zaienean ere; hala gertatzen da, kasu, Lan Harremanen Kontseiluarekin. Horrelako zerbitzu bat herri-erakunde orori, bai eta irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeei ere, doan eskaintzeak herritar eta langile euskaldunei euskaraz aritzeko aukerak biderkatuko lizkieke.

Langileek euskara ikasteko aukerak arautu behar dira: lanbidearteko akordio baten alde

Helduen euskalduntze osoa ezinbestekoa da euskararen biziberritzean eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Helduen euskalduntzearen esparruan, azken urteetan doakotasunerako neurriak hartu dira, oraindik nahikoak ez diren arren. Hala ere, langileek euskara ikasteko duten oztopo nagusia egun lan-baldintza prekarioak dira. Euskara ikastea eta lan produktiboa zein familia-kontziliazioa uztartzea oso zaila da, bereziki emakumeentzat. Horregatik, euskara ikasteko aukera emango duten lan-baldintzak izatea ezinbestekoa da euskara ikasteko eskubidea bermatzeko.

Norabide horretan, ELAren ustez, beharrezkoa da euskara ikasteko eskubidea jasoko duen lan-araudi bat izatea, bereziki lanorduetan euskara ikasteko aukera eta lan-ordutegiak moldatu ahal izateko aukera jasoko dituena, euskaltegietako ordutegiekin bat egin ahal izateko, ikastaroak lantokian bertan eman ezin direnean. Lan-araudia Espainiako Estatuak monopolizatzen duen bitartean, EAEn zein Nafarroan horrelako araudi bat patronalen eta sindikatuen arteko lanbidearteko akordio baten bidez soilik sortu ahal izango da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa ezinbestekoa da horrelako akordio bat gauzatzeko beharrezkoa den laguntza eskaintzeko; esaterako, langileek lanorduetan ikasteak ekar ditzakeen gastuei aurre egiteko, bereziki baliabide urriak dituzten enpresa txikietan.

Beste eragileekiko elkarlanerako eskaintza

Euskalgintzaren Kontseilua eta LAB lehentasunezko bidelagunak dira ELArentzat. ELAk bere bi proposamen nagusiak beste eragile eta arduradun politikoekin partekatuko ditu. ELAren lehentasuna proposamenak LABekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin lantzea izango da, beste eragile batzuekin batera, ahalik eta adostasun handiena bilduko duen proposamena lortzeko.

Hurrengo aste eta hilabeteetan, ELA beste eragileekin harremanetan jarriko da bi proposamen hauek lantzeko eta beste eragileek izan ditzaketen bestelako aldarrikapenak aztertzeko.