“Industria politika ezin da izan enpresa handiek beren etekinak gizentzeko ‘autobide’ bat”
ELAk gaur aurkeztu du ‘Industria politika langile klasearen zerbitzura. Diagnostiko eta proposamen integrala ikuspegi ekosozialetik’ izeneko txostena. Bertan, Hego Euskal herriko ekonomiaren bilakaera aztertu eta industria eredu bidezkoagoa, demokratikoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko alternatiba mahaigaineratu du. Txostenak abiapuntu argi bat du: industria funtsezkoa izaten jarraitzen du ongizate kolektiorako, baina orain arteko politikak errentagarritasun pribatua bermatzera bideratu dira, gizartearen beharrak lehenetsi beharrean.
ELAko idazkari nagusi den Mitxel Lakuntzak ohartarazi du EAJk eta PSEk sustatutako jarduera ekonomikoa eta industriala bizkortzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamen berriak dakarren arriskuaz. “Herrialde honetako industria politika ezin da izan enpresa handien interesak lehenesteko ‘autobide’ bat, ezta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin haien etekinak gizentzeko tresna ere”. Lakuntzaren esanetan, eztabaidaren muina da nork erabakitzen duen zer den estrategikoa, noren mesedetan jartzen diren baliabide publikoak eta zer kontrol demokratikoko mekanismo dauden.
ELAk defendatu du laguntza publiko, dirulaguntza, abal edo finantza-tresna orok baldintza sozial, laboral eta ekologiko zorrotzak izan behar dituela. Baliabide publikoak jasotzen dituzten enpresek enpleguari eusteko, deslokalizazioak saihesteko, beren etekinen zati bat lurraldean berrinbertitzeko eta lan zein ingurumen eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartu behar dute.
Azterketa Bulegoko ekonomialaria den Roser Espeltek azaldu duenez, Hego Euskal Herriko ekonomiak 2000. urtetik aurrera hazten jarraitu badu ere, industriak pisua galdu du bai ekoizpenean bai enpleguan, eta ekoizpena ia geldirik dago 2008ko krisiaren aurreko garaitik. Bilakaera horrek, haren esanetan, ez ditu langile klasearen bizi baldintzak nabarmen hobetu: “Soldata errealak apenas igo dira bi hamarketan; aldiz, enpresek eta akziodunek bereganatzen duten aberastasunaren zatia nabarmen handitu da”.
Txostenaren arabera, azken hamarkadetako industria politikek logika bera izan dute oinarrian: baliabide publikoak erabiltzea enpresen arriskuak murrizteko eta inbertsio pribatuak bermatzeko, etekinak korporazio handien eta akziodunen esku geratu direlarik.
Eredu horren aurrean, Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak ELAren industria politikarako proposamen integrala aurkeztu du, hiru printzipiotan oinarritua: enpresa estrategikoak jabetza publiko, kooperatibo edo sozialekoak izan daitezen bultzatzea; langileek erabaki ekonomikoetan benetako parte-hartzea bermatzea; eta ekoizpena gizartearen beharrak asetzeko bideratzea, muga ekologikoak errespetatuz.
ELAren proposamenak
Proposamen nagusien artean daude Industria Partaidetzetarako Euskal Erakundea sortzea, garapenerako banku publiko bat eratzea, industria sarearen jarraipen eta alerta goiztiarrerako sistema publiko bat abian jartzea eta energia berriztagarrien enpresa publiko bat sortzea. Txostenak, gainera, neurriak jasotzen ditu enpresa estrategikoen errotzea bermatzeko eta baliabide publikoekin bultzatutako proiektuak inbertsio funtsen edo itzulkin sozialik gabeko multinazionalen esku gera ez daitezen.
ELAren ondorioa da administrazio prozedurak arintzeak edo inbertsio pribatuak errazteak ez duela bermatzen ez enpleguari eustea, ez enpresen errotzea, ezta trantsizio ekologiko bidezko bat ere. Horregatik, langile klasea erdigunean jarriko duen, kontrol demokratikorako mekanismoak txertatuko dituen eta baliabide publikoak gizarte osoaren mesedetan erabiliko direla bermatuko duen industria politika aldarrikatzen du.
Proposamenak talde politiko eta eragile sozialei aurkeztuko dizkie ELAk, herrialdearen ekoizpen ereduaren inguruko sakoneko eztabaida sustatzeko eta burujabetza ekonomiko, industrial eta energetiko handiago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.