Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak eskandaluzkoak dira
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "Zumarragan jarduera eteteak Sestaoko ACB oxigenatu dezake", eta "produkzioan lehian egon zitezkeen bi lantegi izanik, litekeena da Sestaori eragitea".
ELArentzat Jaurlaritzako ordezkariaren hitzok onartezinak dira goitik behera, eta kezkagarria da euskal industriarentzako irtenbideak bideratzen ari beharko luketeenengandik etortzea.
Sestaon eta Zumarragan Arcelor Mittalek dituen lantegiek ez dute antzeko produkturik egiten, eta merkatu desberdinetan saltzen dute. Sestaon beroan ijeztutako altzairu-bobinak eta beroan ijeztutako altzairu desugertua ekoizten dira, eta Zumarragak batik bat eraikuntzarako egiten du lan (alanbroia eta barrak).
Honelako adierazpenekin Eusko Jaurlaritzak gauza bakarra lortzen du, herritarren desinformazioa, eta gainera sinestea nahi du lantegi bat ixteak bestea salba dezakeela. Une zail honetan, euskal industriaren aldeko batasuna inoiz baino premia handiagoa denean, lurralde desberdinetan kokatutako lantegien arteko lehia sustatzea arduragabekeria handia da. ELAk exijitu du Erkorekak berehala zuzen ditzala bere hitzak.
Azkenik, sindikatu honek gizarteari oro har eta langileei mezu bat helarazi nahi die: euskal industria eta bere zuzeneko zein zeharkako lanpostuak defenditu behar ditugu. Gurearen alde borrokatu behar dugu; Mittal jaunak ere hala jokatzen du.