Elkarrizketa sozialak ez du enplegua bermatzen

2020/05/08
Lantokietan produkzio arrazoiengatik eta arrazoi ekonomikoengatik ERTEak hedatzen ari direnean eta ERE planteamenduak iristen hasi direnean Espainiako Gobernuaren neurriek enplegu suntsipena dakarte eta lan-baldintzak arriskuan jartzen dituzte.

Espainiako Gobernuak CCOO, UGT, CEOE eta CEPYMErekin erdietsitako akordioak ez dio erantzuten lantokietan bizi dugun egoerari. Ezinbesteko Kausengatiko ERTEak luzatzeko aukera partzial bat irekita mantenduko dute, berme partzial batzuen truke, baina lan-munduan ERTE produktiboak eta ekonomikoak hedatzen ari dira eta behin-behineko enplegu suntsitzen ari da. Horrez gain, ezinbesteko kausengatik egingo diren ERTEetan ere langileek jasan beharko dute egoeraren kostu nagusia, baita irabazi handiak dituzten enpresetan ere.

ELAk Espainiako Gobernuari exijitu nahi dio krisi sanitario honek eragindako egoera ekonomikoari aurre egiteko enplegu guztia bermatzeko neurriak hartu ditzala, kaleratze eta iruzurrean egindako kontratu bukaerak debekatuta, eta jardueraren murrizketa kudeatzeko enpresa eta langileentzako benetako laguntzak ezar ditzala.

Era berean, langabezian dauden eta ERTEetan dauden langileen eros-ahalmenaren jaitsiera konpensatzeko gizarte segurantza eta prestazio sozial sistema publikoak erantzun oso bat eman behar dute, bestela pobrezia asko zabaduko da eta egoera ekonomikoa are gehiago okertuko da. Prestazio hauek finantzatzeko ezinbestekoa da zerga-erreforma sakon bat kapital errentek eta irabaziak dauzkaten enpresek, aurreko Krisian ez bezala, oraingoan ondorioak beregain har ditzaten.

Azkenik, azkeneko lan-erreformek kaleratze kolektiboak izugarri erraztu zituzten, baita egoera onean dauden enpresetan ere, ELAren ustez presazkoa da berme gehiago izango duen sistema bat ezartzea krisi honen kostu guztia langileek jasan ez dezaten.