Federazioak indartzeko hiru kongresu
 
                
              ELAk ekainaren 2an eta 3an egin zuen bere Kongresu Konfederala Bilbon. Kongresuan, besteak beste, sindikatuaren ponentzia adostu zen, datozen lau urteetako lan ildoak ezartzen dituen testua. Aurki, azaroan, ELAren hiru federazioek –Industria eta Eraikuntza, Gizalan eta Zerbitzuak– euren kongresuak egingo dituzte: azaroaren 13an Donostian (Gizalan-Zerbitzu Publikoak), 20an Gasteizen (Zerbitzuak) eta 27an Barañainen (Industria eta Eraikuntza). Guztira 840 ordezkari daude deituta bertan parte hartzera.
Gizalan (azaroak 13)
Publikoa sendotzeko antolatu
Lehen kongresua azaroaren 13an izango da Donostiako Kursaalean. Publikoa sendotzeko antolatu lelopean zerbitzu publikoetan diharduten 240 ordezkarik federazioen egoeraz eta erronken inguruan eztabaidatuko dute. Azken urteotan Igor Eizagirre izan da Gizalaneko idazkari nagusia. Eta, Kongresuan parte hartuko duten ordezkariek hala nahi badute, bera izango da idazkari nagusia datozen lau urteetan ere.
Zerbitzuak (azaroak 20)
Berdintasunerako antolatu
Berdintasunerako antolatu lelopean Zerbitzuak federazioak azaroaren 20an egingo du bere kongresua Gasteizen (Europa Jauregia). Leloa agindu bat da gizarteko eta lan munduko ertzetan dagoen jendea aintzat hartzeko. Izan ere, prekaritatea, nagusiki, emakumeak, genero disidenteak, pertsona arrazializatuak edota aniztasun funtzionala dutenak pairatzen dute. Guztira 200 lagunek hartuko dute parte. Kongresuan, besteak beste, federazioko idazkari nagusi berria aukeratuko da. Azken urteetan ardura hori izan duen Maricruz Elkorok kargua utziko du, eta etorkizunean Manu Robles-Arangiz Fundazioan ariko da. Ane Alberdi Legorburu (Antzuola, 1993) proposatuko da idazkari nagusi kargurako.
Industria eta Eraikuntza (azaroak 27)
Langileekin eraldatu
Azken kongresua azaroaren 27an izango da, Barañainen. Langileekin eraldatu lelopean 400 ordezkarik hartuko dute parte, federazioak dituen 38.996 afiliatuen izenean. Unai Martinez proposatzen da berriro ere federazioko idazkari nagusirako. Kongresuan federazioaren negoziazio kolektiboaren indarra azpimarratuko da. Izan ere, horrek azken urteetan hamaika akordio on ixtea ahalbideratu du. Erronka datozen urteetan ere bide beretik jarraitzea izango da.
 
    