Sindikatu, merkatari eta kontsumitzaileak ordutegien liberalizazioaren aurka
Euskaldendak Euskadiko Merkatarien Konfederazioak, EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteok eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok gure indarrak batu ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki handi eta merkataritza kateetan 0 irekieren errealitateari eusteko.
Merkataritza-ordutegien liberalizazioarekin bat egiten dutenek helburu hori zuritzeko zenbait argudio erabili izan dute, baina argi geratu da gezurrezkoak direla. Orain, turismoaz hitz egiten dutenean, argudio berdinak erabiltzen dituzte. Legearen zioen azalpenak honela dio:
Turismo ugari biltzen diren inguruei buruzko araudiko aldaketa hauekin, lehenengoz 2012an definitu zirenak, turismoaren eta merkataritzaren arteko harremanak ekar ditzakeen sinergiak baliatu nahi dira, turismoa merkataritza-jarduera bultzatzen duen faktore baita, enplegua sortzeko gaitasuna eta jarduera ekonomikoa gehitzen duena. Alegia, merkataritza-eskaintza zabal, anitz eta turismo gehien biltzen den uneetan eskuragarriak zalantzarik gabe turismoaren eragin ekonomikoa biderkatzen du, baita hazkundea eta enplegua sortu ere.
IREKIERA DEFENDITZEKO GEZURRAK
JARDUERA EKONOMIKOA HAZI EGITEN DA: Kontsumoa ez da hazten, unez eta tokiz aldatu baizik. Inork ez du erosten ordutegi luzeagoa izateagatik; beharrizan orokorren arabera erosten da horrela ere. Eta erosketa jaiegunetan eginez gero, beste une batean ez da egingo.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren txosten baten arabera, kontsumoa ez da hazten; aitzitik, Madrilen edo Valentzian, hots, liberalizazioa erabatekoa den bi erkidegotan, salmenta %4,2 eta %3,4 gutxitu zen, hurrenez hurren; jaitsiera hau, bi kasuetan, estatuko batez besteko mailatik gora dago.
ENPLEGUA SORTZEN DU: Argudio hau ere ez da egia. Madrilen 2014ko lehen hiruhilekoan enplegua %3,9 murriztu zen, estatuko batezbestekoaren bikoitza. Dena dela, kontratu berriren bat eginez gero ere, saltoki handietan litzateke, baina denda txikien enpleguaren lepotik: ez litzateke bakarrik kantitatea galduko, baita kalitatea ere. Enpresa handiotan ez dira hitzarmen probintzial sektorialak aplikatzen, Saltoki Handietako hitzarmen estatala baizik, eta honen lan-baldintzak askoz ere okerragoak dira. Halaber, sortzen den enplegua lanaldi partzialekoa eta prekarioagoa izan ohi da.
KONTSUMITZAILEEI ASKATASUN HANDIAGOA EMATEN DIE: Hau ere ez da egia, eskaintza enpresa handi gutxi batzuren esku geratzen baita, merkatuaren zati geroz eta handiagoa hartzen dutelarik, eskaintza bateratuz eta homogeneizatuz. Gainera, beste eragin kaltegarri bat ere badu, hiriguneak husten baititu, hiri, herri edo auzotik kanpora irtetera behartzen duelako, merkataritza guneetara. Bide batez, sarrera-irteera horiek biderkatzeak ibilgailu partikularrarekiko menpekotasuna areagotzen dute.
Askatasun kontzeptu hau indartzeko eskubide berriak sortzen dira: "Igandean erosteko eskubidea”, benetako eskubideen aldean funtsik ez duena: lan duina izateko eskubidea, atsedena hartzeko eskubidea edota lan- eta famili-bizitza kontziliatzeko eskubidea. Ustezko eskubide bat sustatzeko eskubide laboral historikoei erasotzen diete.
KONTSUMITZAILEEN ESKARIA EGUN GEHIAGOTAN IREKITZEA DA: EAEn Ikusmerren 2012ko inkesta batek dioenez, kontsumitzaileen %70a igande eta jaiegunetan irekitzearen aurka dago. EKAk 2010an egin zuen azken galdeketaren arabera, erosketak egiteko %94arentzat nahikoa da astelehena eta larunbata bitarteko tartea. Kontsumitzaile garen aldetik ordutegiak aski zabalak dira gure beharrizanak asetzeko.
Turismoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketak berak agerian uzten du merkataritza-jardueraren ustezko igoera batik bat barne-merkatutik etorriko litzatekeela, eta askoz maila apalagoan turismotik.
BORONDATEZ EGITEN DA LAN: Propio nahasten dira borondatezko lana eta behar egoera. Soldata kaskarrak eta lanaldi partzialeko kontratuak oso ugariak diren sektore honetan enpresak baliatu egiten dira behar horretaz irudi faltsu bat emateko, langileak borondatez prest daudela sinetsarazteko alegia.
Gainera, eman daitezkeen pizgarriak denborarekin murriztuz doaz. Gero eta salbuespen izaera gutxiago dute, eta azkenean jaiegunetako lana ohiko eta derrigorrezko gisa hartzen da.
IREKIERA KOPURUARI GARRANTZIA KENTZEN ZAIO: Garrantzia kendu nahi diote auziari, esanez urtean egun batez edo biz zabalduko direla ateak, salmenta handiko egunak izango direlakoan, Gabonetan edo merkealdietan, esaterako. Haatik, esperientziak dio irekiera egun gutxi batzutan amore emanda ondoren gehitu egiten direla.
Madrilen edo Valentzian ez ziren hasi egunero irekiaz, baina orain dendak urteko 365 egunetan zabal daitezke. Nafarroan, bere aldetik, duela ez asko urtean lau jaiegunez irekitzen zen, baina Corte Inglés, Carrefour, Decathlon eta beste batzuren presioaren eraginez gaurko hamarreraino iritsi dira, legediaren babesarekin gainera.
Turismoaren aitzakiaz erakunde publikoek “Kontsumitzen dut, beraz banaiz” maximak gidatutako hiri eta kontsumo eredu bat ezarri nahi dute. Gaur hemen bildu garen erakundeok beste eredu baten alde egin nahi dugu, atseden hartzeko eskubidea eta lan- eta famili-bizitza kontziliatzeko eskubidea aintzat hartu eta aisialdiaz gozatzeko alternatiba gehiago dituen eredua.
EUSKO JAURLARITZAREN POSIZIOA
Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartu zuen 2012ko uztaileko dekretuaren aurka, zeinak Gune Turistikoen Adierazpena jasotzen baitzuen, eskumenen inbasioa medio. Alabaina, sailburuordetzako ordezkariek diotenez, ez zen turismo guneei inguruko atala errekurritu, gainontzeko guztia baino. Orain Merkataritza-Jarduerako Legearen laugarren aldaketari ekin dio, estatu mailako legeek turismoari buruz diotena aintzat hartuaz. Gure galdera da gai honetan ez ote diren eskumenak inbaditzen. Noski baietz. Baina Jaurlaritzaren eta espainiar Gobernuaren filosofia merkataritza-ordutegiei buruz berbera da.
Gure ustez, erabateko liberalizazioaren aurkako ustezko mezu baten atzean beste jarrera bat ezkutatzen da, eredu jakin baten aldekoa: lan-eskubideei erasotzen dien eredua, saltoki handi eta kateen interesak defenditzen dituena, eta EAEko iritzi publikoaren aurka doana. Hori, proposamenak agertzen dituen aukeretan liberalizazioa denboran eta espazioan mugatu egingo dela esanagatik.
Hori guztia medio, lan-batzorde bat eratu dugu, etorkizuneko merkataritza-jarduerako euskal legea euskal jendartearen gehiengoak merkataritza-ordutegiei buruz duen iritzia aintzat har dezan.
Gaur Jaurlaritzari egin asmo duen laugarren lege-aldaketaren inguruan honakoa galdetu nahi diogu: Kontsumitzaileen %94ak eskatzen ez badu eta turismoaren eragina merkataritzan ia ezdeusa bada, norentzat egin nahi dute?
Irailean gai honekin itzuliko gara; orduan emango dugu gure kanpainaren inguruko xehetasun gehiago.
Gaur eskatzen diogu Merkataritzako sailburuordeari helegitea sar dezala 8/2014 Errege Dekretuaren aurka, merkataritza-ordutegiei dagokienez, nabarmen inbaditzen baititu eskumenak.
ELA-LAB CCOO -UGT
Euskaldendak
EKA eta EKE