Bihar egingo den bileran enplegu publikoa sortzea eta kendutako eskubideen berreskurapena ere eskatuko du ELAk
Funtzio publikoko sailburuordeak biharko, astearterako, deitutako bilera bilateralean ELAk mahai orokorrean gobernuak proposatutako murrizketak atzera botatzeko eskatuko du. Bestalde, enpleguaren alde eta murrizketen aurkako mobilizazioak jarraituko dute aste honetan ere hainbat ospitaletan.
Funtzio publikoko sailburuordeak bilera bilateraletara deitu ditu mahai orokorrean partaidetza duten sindikatuei. Bilera horretan ELAk mahai orokorrean gobernuak egindako proposamena atzera botatzeko eskatuko du, proposamen horrek lanpostuen galera eta murrizketak suposatzen baitu. Bilera horretan ere mahai orokorrean proposatutako puntuak jarriko ditu berriro ere mahai gainean: Enplegu publikoa sortzea, 35 orduak mantenduz, eroste ahalmena berreskuratzea, lan eskubideak berreskuratzea, Gobernuak autogobernuaren eta gizarte politikaren defentsa egin dezala eta ez dezala Madrildik datozen dekretuak bere egin.