JANDONIZ EGOITZA (BEDIA)
ELAk salatu du langileen osasuna arriskuan dagoela
Langile faltaren eta lan gainkargen ondorioz, langileek mobilizazioak abiarazi dituzte premiazko neurriak eskatzeko.
Bel Edad taldeko Bediako Jandoniz egoitzako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, beren osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen dituzten lan baldintzak salatzeko.
ELAk azaldu du enpresak ez dituela ordezkatzen bajak, baimenak eta lizentziak hartzen dituzten langileak, eta, gainera, arratsaldeko txandan langile bat kendu duela; horren ondorioz, gainerako langileen lan karga areagotu egin da.
Horrez gain, duela urtebete baino gehiago abiarazitako arrisku psikosozialen ebaluazioa osatzeko eta berehalako neurriak hartzeko eskatu dio ELAk enpresari. Langileek eskatu dute absentziak lehen unetik betetzea eta arratsaldeko txandatik kendutako langilea berriro hartzea.