ELAk 2016ko bi aparteko ordainsariak eta 2012koa abonatzeko exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari

2015/12/30
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio galdutako eros-ahalmena berreskuratzearen aldeko urratsak eman ditzan. Horretarako derrigorrezkoa da 2016. urtean 2016ari dagozkion aparteko bi pagez gain 2012ko aparteko pagatik falta dena lehenbailehen ordaintzea, gainontzeko administrazio eta erakundeek egin duten bezala.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du 2016ko ekaineko aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzea. Ondoz ondoko laugarren urtez erabaki du gauza bera Eusko Jaurlaritzak, baina oraindik ez du argitu noiz abonatuko duen ordaintzeke dagoena, hots, 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren %75. ELAtik berriro adierazi behar dugu Eusko Jaurlaritzak, Mariano Rajoyren gobernuaren politikekin bat egiteaz gain, batzuetan areagotu egiten dituela; kasu honetan adibide, non Eusko Jaurlaritzako langileak gainerako administrazioetakoak baino kaltetuago gertatu diren. Izan ere, Estatuko administrazioan 2012ko abenduko ordainsariaren %50 jasota dute dagoeneko, eta gainerakoa 2016ko urtarrilean jasoko dute; eta udal eta aldundietako administrazioetan %100 dute erregularizatuta ordainsarien abonua.

Azken urteotan ELAtik askotan azpimarratu dugu Urkulluren gobernuak banan-banan bete dituela Madrildik agindutako murrizketa guztiak, eta horrek ondorio larriak ekarri dizkiela euskal administrazio publikoko langileei, zehazki, eta zerbitzu publikoei, orokorrean.

ELArentzat erabaki hauek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Urkulluren gobernuak goitik behera konpartitzen ditu Rajoyrekin enpleguaren suntsiketa, soldaten murrizketa eta zerbitzu publikoen kontrako erasoak ekarri dituzten politikak. Murrizketak honako aitzakiarekin justifikatu dira: Madrilek planteatutakoetatik ezberdinak liratekeen arauak aplikatzeak ekarriko lukeen ziurgabetasun juridikoa; hala ere Madrilen erregularizazioa/normalizazioa baimentzen denean ere ez dira aplikatzen arau horiek.