Langabeziak berriro egin du gora abuztuan, 2.438 langabeturekin
Langabezia eta lan-prekarietatea zuzenean lotuta daude. Abuztuan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak dira. Behin-behineko kontratuen kopurua oso handia izaten jarraitzen du, abuztuan sinatutako kontratuen ia %94 izan baitira mota horretakoak. Gainera, kontratazio mugagabeak %12,5 egin du behera, 2019ko datuekin alderatuta.
Espainiako Lan Ministerioak eskainitako datuen arabera, langabezian izena emanda zeuden pertsonen erdiak baino gehiagok ez zuten langabeziaprestaziorik jaso uztailean. Prestazioaren batez bestekoa 863,9 eurokoa izan zen EAEn, eta 902,1 eurokoa Nafarroan; kopuru horiek nabarmen murriztu dira maiatzetik.
Udazken honetan biziko dugun ziurgabetasun-egoeraren aurrean, ezinbestekoa da mobilizazioa, lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da lan-erreforma indargabetzea, bai eta administrazioek inbertsio handiagoa egitea ere, besteak beste, behinbehinekotasun handiarekin amaitzeko.