Eusko Jaurlaritzaren enplegu politikak aztertzeko formazio jardunaldia
Lanbideko ordezkariek adierazi dutenez Eusko Jaurlaritzak azken urteotan egin dituen murrizketen ondorioz langileen lan-baldintzek nabarmen egin dute okerrera. “Beharrak gero eta ugariagoak izan arren zuzendaritzak ez ditu hutsik geratzen diren lanpostuak osatzen, erretiro, oporraldi, baja eta abarretan. Lanbiden diharduen ia 200 langilek enplegua gal dezake, eta beste asko derrigor lekualda ditzakete. Hau guztia salatzeko azken asteetan hainbat lanuzte egin ditugu Lanbiden, langileen erabateko gehiengoak babestutako protestak”.
Gizarte politiken arduradun Mikel Novalek azkenaldian Eusko Jaurlaritzak prestazio sozialetan egindako murrizketak aztertu ditu ondoren. “Langabezian, prekarietatean eta bazterketa egoeran izan edota gutxieneko pentsioak jasotzen dituzten familientzako prestazio sozialak %7 murriztu dituzte. Baliabide ekonomikorik gabeko jende askori kendu egin diote prestazioa, Eusko Jaurlaritzak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatzeko maiatzean erabaki zituen irizpideen ondorioz. Orain arteko mugak murriztaileak baziren, egungoak are txarragoak dira”.
Krisiaren ondoriorik latzenak pairatzen ari direnei bizimodu duina ahalbidetuko dieten prestazio sozialak exijitu ditu Novalek. “Horretarako bertan behera utzi behar dira azken urteotan erabaki diren murrizketak. Kalitatezko enplegu-zerbitzu publiko bat behar dugu, bere eginkizunak behar bezala egiteko adina baliabide izango dituena”.
Formazio jardunaldiari amaiera emateko ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz mintzatu da. Muñozek kalitatezko zerbitzu publikoen eta enplegu politiken beharra azpimarratu du, eta horiek lortu asmoz gure sindikatuak dituen proposamenak luzatu ditu. Betiere, gauza bat kontutan hartuta: egungo egoera irauli nahi badugu ezinbestekoa da egungo politikak errotik aldatzea.