Administrazio Orokorreko 9 kontratazio-poltsa iragartzean gezurrezko itxaropenak sortu baitizkie langabeei
Joan den igandean Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoak 9 kontratazio-zerrenda handiagotzea iragarri zuen jendaurrean, Administrazio Orokorreko 9 lanbide-kategoriatan.
Aldez aurretik sailburuordeak lau haizeetara aldarrikatu zuen albistea, Jaurlaritzak postu sortu berriak beteko zituela ulertaraziz.
Ezta hurrik eman ere, Jaurlaritzak lanpostuak suntsituz jarraitzen du, 250 lanpostu azken urteotan; eta postu berririk, ezta bat ere, ez da sortu. Poltsa horien xedea aldi baterako beharrizanak betetzea da, edo hutsik geratu diren plazak betetzea (erretiroa, sustapena edo titularrak plaza bertan behera utzi duelako). Krisia aitzakia harturik, orain ez dituzte ordezten aldi baterako beharrizanak, salbuespen bakan batzuetan izan ezik.
Hori dela-eta, ELAn uste dugu Jaurlaritza langabeen eta langile prekarioen beharrizanaz baliatuko dela hauteskunde-kanpaina egiteko, zeren milaka langabe eta langile prekario aurkeztuko dira iragarritako probetara.
Gezurrezko itxaropen hori sortzea iruzur nahikoa ez balitz bezala, Jaurlaritzak 18,80 eta 21,80, kasuan kasu, kobratuko die hautagaiei probetara aurkezteagatik. Hori bai eskandalua!
Zearreta jauna: ez baliatu gehiago okerren dabilen jendeaz zure interes politikoetarako, eta eskaini behingoz euskal administrazioko esparru guztietan hutsik dauden milaka lanpostuak. Ez xahutu dirua inoiz erabiliko ez diren poltsak handitzen, eta ez sortu gezurrezko itxaropenik herritarrengan.