Langileak mobilizatzen hasi dira lan baldintzak hobetzeko negoziazioan dagoen blokeoa gainditzeko
TESICNOR (Noain) industria segurtasunean, prebentzioaren arloko prestakuntzan, eraikuntza obretako segurtasun eta osasunean eta industria proiektuetan diharduen enpresa da, eta 90 pertsona inguruk egiten dute lan bertan. Enpresa Batzordea ELAko bost ordezkarik osatzen dute.
Enpresa Batzordea 2025eko ekainetik ari da lan baldintzak hobetzeko akordioa lortzen saiatzen, baina orain arte batzordeak aurkeztutako proposamen guztiak baztertu ditu enpresak.
TESICNORen, ingeniaritzen sektoreko estatu mailako hitzarmena erabiltzen da erreferentzia gisa. Hitzarmen horrek xurgapena eta konpentsazioa aplikatzea ahalbidetzen du. Hau da, oinarrizko soldata igo daiteke, baina igoera hori beste soldata kontzeptu batzuk murriztuz konpentsatu daiteke, hala nola osagarri pertsonala. Praktikan, horrek soldata igoera deuseztu dezake.
Langileak egoera honetaz nazkatu dira, eta soldata igoerak nominan jasotzen diren kontzeptu guztiei aplikatzea eta igoera horiek xurgatu edo konpentsatu ezin izatea aldarrikatzen dute.
Horrez gain, urteko lanaldia 16 ordu murriztea, medikuarengana joateko 24 orduko baimen berreskuraezina izatea eta enpresak soldata osagarrien gainean funtsezko aldaketarik ezin aplikatzea eskatzen dute.
Atzo batzarra egin zen, eta bertan «kafe bateratuak» martxan jartzea erabaki zen. Ekimen horietan, langile guztiek atseden denbora erabiltzen dute enpresaren atarian elkartzeko.