Bizkaiko zahar-etxeetako greba arrakastatsua
Ekainean izan zen astebeteko grebarekin bezala, Bizkaiko 30 egoitza handienetan jarraipena erabatekoa izan da greba egiteko aukera izan duten langileen artean.
Lehen greba egun honetan langileek manifestazio bat egin dute, eta ondoren Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean sentada bat; Gizarte Ekintzako diputatuari eskatu diote patronalari ez diezaiola babesa eman eta greba deitu duen sindikatuarekin bilera izan dezala gatazkari konponbide bat bilatzen saiatzeko.
ELAk auzitara jo du gutxieneko zerbitzuei buruzko aginduaren kontra; gainera, salatu nahi du gutxienik 5 zentrotako zuzendaritzek irregulartasun larriak egin dituztela; batetik, langileen greba-eskubidea zapuztu dute, baina baita erabiltzaileei eman beharreko oinarrizko zerbitzuak ere. ELAk hainbat salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan.
ELAren esanetan zentroetako eguneroko funtzionamendua -pertsonal eskasia eta hauen lan-baldintza txarrak medio- larria da eta horrek eragin du sektorean greba deitzea. Egoitzetako eguneroko lanean nekez bermatzen dira oinarrizko zaintzak; hala utzi du agerian Aldundiaren beraren txostenak. Horregatik inola ere ezin da onartu egoeraren ardura handiena duenak langileei egoztea arreta ez dela behar bezalakoa.
ELAk adierazi nahi du Bizkaiko zahar-etxeetako greban zentroetako arduradunek normaltasun itxura ematen saiatu direla; horretarako gutxieneko zerbitzuak egiten ari ziren langileak derrigortu dituzte bigarren mailako lanak egitera, esaterako oheak egin, telefonoa hartu, dokumentazio erregistroak, parte eta txostenak, mahaia paratu... bitartean oinarrizko zerbitzuak alde batera uzten zirelarik. Inongo kasutan ez dute langileek erabaki gutxieneko zerbitzuen agindua ez betetzea, Gizarte Ekintzako diputatuak hau pentsa arazi nahi duen arren.
Egoera hau ez da konpontzen langileak kriminalizatuaz. Aitzitik, euren eskariak aintzat hartu behar dira: plantillak gehitu eta ratioak aldatzea, lan-kargak arindu eta kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko.